Bizikleta martxa egin dute Gladys del Estal omentzeko
Astelelehenean, 40 urte beteko dira Gladys del Estal erail zutenetik. Jendetsua izan da bizikleta martxa, eta baita ere parkeko omenaldia.
Goizeko 11ak pasata abiatu da Bulebarretik Gladys Gogoan taldeak antolaturiko bizikleta martxa. Astelelehenean, 40 urte beteko dira Gladys del Estal erail zutenetik. Jendetsua izan da bizikleta martxa. Zazpi kilometro pasako ibilbidea egin dute parte hartu dutenek. Bulebarretik atera eta Antiguara joan dira. Ondoren, Amara, Erdialdea eta Gros zeharkatu dituzte. Azkenik, Egiako parkera iritsi dira, eta parkeari izena aldatu diote: Gladys Enea. Hemen duzue bizikleta martxaren bideo laburpena.
Bizikletak utzi eta parkean zain zeuden ehundik gora pertsonekin batera parkean barrena sartu dira, urteroko omenaldia eta lore eskaintza egiteko parkearen goialdean. Izarne Zelaiak gidatu du ekitaldi sentitua. Agurra dantzatu dute hainbat herritarrek, hitzarte batzuk egin dituzte Gladysen ikasle izandako bik, eta Eguzkiko Martin Ansok. Bi jota kantatu dituzte, eta Kantujirako lagunekin batera Txoria Txori kantatuz bukatu dute ekitaldia.