Anoetako obretan aritutako 18 enpresa salatu ditu ELAk
Anoeta futbol zelaiko birmoldaketaren lehen fasean izandako “gehiegikeriak, iruzurrak eta faltsifikazioak” salatu ditu ELA sindikatuak. Lehen fase horretako lanetan parte hartu dute 18 enpresa salatu ditu sindikatuak, eta haren arabera, “Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailak kasuetako batzuk Fiskaltzaren eskuetan uztea erabaki du”.
Igor San Josek, ELAko eraikuntza alorreko arduradunak, adierazi du 200 langile baino gehiagoren dokumentazioa faltsifikatu zutela, 250.00 euro baino gehiagoko isunak ezarri zizkietela eta soldatetan eta kotizazioetan 4,5 milioi eurotik gorako zorrak eman direla. Hori dela eta, udan egingo dituzten obrekin mesfidati agertu da San Jose: “Orain arte gertaturikoa ikusita, lasai aski esan dezakegu aurtengo udan iruzurra errepika daitekeela, neurri zuzentzaileak hartu ezean. Batez ere obraren tamaina kontuan hartzen badugu, eta horretarako beharko den pertsonalaren hazkunde nabarmena”.
ELAk salatu duen egoera errepikatu ez dadin, Reala eta Donostiako Udala Anoetako obretan ematen diren lan baldintzei adi egoteko eskatu du sindikatuak. Izan ere, esan dutenez, “Anoetan gertaturikoaren benetako erantzuleak” dira.