EHGAMk elkartasuna adierazi dio erasotutako Medeak taldeko kideari
Maiatzaren 23an Medeak taldeko kide batek eraso “transfoboa eta lesfoboa” jasan zuela salatu zuen astelehenean. Eraso horren aurrean, elkartasuna adierazi dio Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak Medeakeko kideari, Erasorik ez erantzunik gabe leloa aldarrikatuz.
LGTBfobiari aurre egiteko, laguntzeko eta “ordena heteronormatiboari” aurre egiteko duten “arma” dela adierazi du EHGAMk. Horrekin batera, horrelako erasoak jasaten dituzten pertsonenganako arretan dauden “defizitak” salatu ditu mugimenduak, eta “LGTBI+ protokoloak” erabiltzeko aldarrikatu du. LGTBfobia desagerraraztea “guztion elkarlana” dela nabarmendu du EHGAMk, eta LGTBI pertsonei agerian bizitzera deitu dituzte. Jarraian, mugimenduaren ohar osoa:
‘Erasorik ez erantzunik gabe’ pentsatu eta aldarrikatu egiten dugu beti EHGAMetik LGTBI+ lagunen kontrako erasoren baten berri dugun bakoitzean.
Besarkada handi bat bidali nahi diogu maitasunez eraso lesbofobo-transfobo basatia jasan berri duen Medeak taldeko adiskideari.
Gure arma elkartasuna da. Elkartasuna laguntzeko, eta elkartasuna ‘ordena’ heteronormatiboari salatu eta aurre egiteko; ‘ordena’ horrek ukatu eta eraso egiten baitio aniztasunari, bestelako desirenganako, genero-identitate ez binarioenganako gorrotoa publizitatu eta zabaldu egiten baitu, eguneroko bizitzan, lanean, aisialdian, ikastegian eta abarretan berdintasun-mailan aritu ahal izatea eragotzi nahian.
Salatu nahi dugu, modu berean, eraso LGTBfoboen biktimei arreta ematean dauden defizitak, batez ere esparru judizialari dagokionean, Medeak elkarte borrokakideak esanikoaren ildo beretik. Aldarrikatzen dugu LGTBI+ protokoloak erabiltzea, gure giza eskubideak, gure osotasun psikologikoa eta gure eskubide zibilak gutxietsi gabe artatuak izan ahal izateko.
LGTBfobiak desagerraraztea guztion elkarlana da, baita gure ordezkari zibil eta politikoena edota kultura eta kirol munduetakoena ere. Aniztasunak aberastu egiten gaitu. Dei egiten diegu LGTBI+ lagunei agerian bizi daitezen; eta gizarte osoari erne egon dadin, eta ez mota honetako ez beste ezein motatako erasorik onar ez dezan.