Picassoren lanari buruzko erakusketa jarri dute Alderdi Ederren
Gaur goizean inauguratu dute Picasso. Guernicaren bidaia erakusketa. Alderdi Ederreko lorategietan dago eta uztailaren 10era arte ikusi ahal izango da. La Caixa Gizarte Ekintzak eta Reina Sofia Museoak prestatu dute erakusketa.
Margolariaren obra ezagunenari buruzko ibilbide historikoa jasotzen du erakusketak; Parisen 1937an sortu zuenetik 1992an Sofia Erregina Arte Zentroaren Museo Nazionalean behin betiko kokatu zen arte. “Horri esker, bisitariek jakingo dute zer nolako sorkuntza-prozesua gauzatu zuen artista espainiar ospetsuak lana ontzeko, eta era berean, lanak gerraren kontra duen esanahia, eta zergatik ibili zen lana mundu zabalean, 40 urtetik gora”.
Erakusketa gune eta baliabideek garai hartako testuinguru historikoa erakusten dute, eta Guernica lanaren garrantzia eta esanahia ulertzeko gakoak ere bai. Badira ikus-entzunezkoak, garai hartako argazki eta kartel erreprodukzioak, eta agirien nahiz marrazkien faksimileak, guztiak ere jakingarriak XX. mendeko artistarik garrantzitsuenaren lanik adierazgarrienetako baten sorkuntzaren eta bidaien historia azaltzeko.
Bost esparru eta gune berritzailea
Erakusketa bost esparrutan banatuta dago, lanaren ibilbidea haren fase guztietan azaltzeko. Era berean, Picassoren bizitzako une garrantzitsu batzuk erabakigarriak izan ziren Guernica sortzeko, eta horiek ere ageri dira. Gainera, La Caixak hainbat ikus-entzunezko ekoiztu ditu Guernica lanaren historia eta haren eragina ulertzen laguntzeko.
Gune berezi eta berritzaile bat du erakusketak; UD 100 izenekoa. Sistema horri esker, kamioi bateko trailerrean 100 metro koadroko erakusketa gunea jarri dute; erdialdean, gainera, altuera 5,5 metrokoa da. Horrez gain, unitate zabalgarri bat baino gehiago lotu daitezke elkarrekin, eta ondorioz lekua zabala da, 200 metro koadroko erakusketak egiteko modukoa.