Txomineko etxebizitza kooperatiben inguruko iritzia plazaratu du Abaraskak
Eusko Jaurlaritzak Txomin auzoan erabilera lagapeneko kooperatibentzako ateratako babes ofizialeko 116 etxebizitza eraikitzeko lehiaketa publikoa sustatu du. Horren inguruko hausnarketa plazaratu du Donostiako Abaraska elkarteak, Arterra Bizimodu, Etxekonak, Karakola eta Etxekide elkarteekin batera.
“Eusko Jaurlaritzak bere Etxebizitza Plan Zuzendarian erabilera lagapeneko kooperatiben eta Cohousing edo etxebizitza kolaboratiboen formulak sustatzeko asmoa jaso zuenean, berri pozgarritzat hartu genuen. Baina, eredu berriak sortzeko ahalegina baloratuta ere ezin dugu ezkutatu desengainua sentitu dugula Txominen Jaurlaritzak sustatutako proiektu pilotuaren ezaugarriak eta baldintzak ikusita”, azaldu dute.
Administrazioaren aldetik ausardia falta sumatzen dutela adierazi dute, erabilera lagapeneko kooperatiben forma juridikora mugatu delako “etxebizitza kolaboratiboa edo cohousinga bultzatzeko aukera ezin hobea galduz”, eta ondorengorako ereduen oinarri edo erreferente bezala ez delako emankorra izango uste dute.
“Etxebizitzaren arazoaren irakurketan ados egonda (zahartzaro bakartia, bizitza pertsonala eta profesionala aurrera eramateko zailtasunak, zailtasun ekonomikoak, espazio behar desberdinak egoera konkretu bakoitzean, familia/bizi unitate desberdinak, etab.), esan daiteke elkarbizitza komunitariorako kooperatibak eskaintzen duten soluzioa askoz ere sakonagoa dela eta aipatutako arazoei aurre egiteko potentzial handiagoa duela”, azpimarratu dute.
Erakundeekin lankidetzan jarraitzeko asmoa dutela gaineratu dute, “eredu berriak aurrera egiteko elkarlana ezinbestekoa izango delako eta denentzako aberasgarria zalantzarik gabe”.

