"Argi-ilunez beteriko pertsonaia baten atzean, bere errelatoa eraikitzeko interes ugari topatu daitezke sarritan"
Juan Aizpitartek Lope Agirre konkistatzaileari buruzko erakusketa aurkeztu du Euskal Itsas Museoan. ‘Ni, traidorea’ izenburupean, Antiguako artistaren azken obrak Oñatiko pertsonaiaren argi-ilunetan sakontzeko aukera eskaintzen du.

Zer dela eta sortu duzu Lope Agirreri buruzko erakusketa?
Duela zenbait urte, Nekane Aranbururekin batera eginiko komisariotza batean, Aquarium azpiko itsaskitegiko horma-irudia moldatu nuen, ‘Viveros Izaguirre’ jartzen zuen lekuan ‘Vive Aguirre’ irakur zedin. Itsasontzietatik eta Antiguatik ongi irakur daitekeen mezua da, eta zortzi urte daramatza jada badian. Geroztik izan dut lotura Lope Agirrerekin.
Horren harira, gizartearen eta boterearen arteko harremana aztertzeari ekin nion, eta Donostiako hainbat gertakariei buruzko materiala biltzen hasi nintzen. Piraten abordatzea eta Aldapeta kaleko Itsasgain eraikinaren okupazioan fijatu nintzen, besteak beste, eta horiei buruzko bideoak ere txertatu ditut erakusketan.
Baina zer dauka, bada, pertsonaia horrek? Zergatik aztertu duzu?
Esango nuke ez naizela ni Agirreren bila joan dena, baizik eta bera izan dela nigana iritsi dena. Badira lehendik bere izaera aldarrikatu duten beste hainbat artista, hala nola, Oteiza, Morquillas eta Baroja. Nire kasuan, pertsonaia honen bidez, gizartearen eta boterearen arteko harremanari buruz hitz egin dut.
Jaka horiek lema bat dute: «Errazagoa da munduaren amaiera imajinatzea kapitalismoarena baino». Esaldiak egungo gizarte ereduaren zorroztasuna islatzen du, badirudielako ez dagoela alternatiba posiblerik, eta beste pentsamoldeak demonizatu egiten direlako. Hori Agirreren historian ere ikus daitekeen zerbait da.
Inperio espainolak traidoretzat jo zuen, eta Simon Bolivarrek, berriz, Amerikaren independentzia aldarrikatzen lehena izan zela zioen.
Oso interesgarria da oñatiar honi buruz esan diren gauza guztiak aztertzea. Izan ere, argi-ilunez beteriko pertsonaia baten atzean, bere errelatoa eraikitzeko interes ugari daude topatu daitezke sarritan.
Errelatoaren borroka horiek Donostian ere ematen dira.
Hala da. Garapen prozesu batean dagoen Donostia bati buruz hitz egin dezakezu, non, armagabetzeaz geroztik, tolerantzia eta komunikazio gehiago dagoen. Edo espekulazioaren eta kapitalismo basatiaren Donostiaz hitz egin dezakezu, hiriko gauza autentiko guztiekin akabatzen ari dena.
Hemengoak garenok paraleloan bizi ditugu bi errelato horiek. Batzuetan pozgarria izan daiteke zure gertuko norbaitek turismoari esker lanpostu bat lortu duela jakitea, baina gogorra da, aldiz, Parte Zaharrera joan eta zuretzat erreferentziazkoak ziren lekuak desagertu egin direla ikustea.
Nik amodio-gorroto harreman hori daukat hiriarekin. Maite dut berarekin erlazio intimo bat daukadanean: jende gutxi dagoenean, euria egiten duenean, ilunabarretan… Baina gorroto dut jendez gainezka dagoenean. Halakoetan, hiri honek mundu guztiari kasu egin nahi dion baina benetan inorrez arduratzera iristen ez den zerbitzaria dirudi.
Historia kontatzeko modu asko daude. Zuk performanceak erabili ohi dituzu, bideoa eta beste hainbat elementu nahasiz, publikoa historian barneratzeko.
Agirreren inguruko argi-ilunekin topo egiterakoan, artearen bidez pertsonaiaren berrikusketa historiko bat egiteko gogoa sentitu nuen. Horrek hainbat galdera iradoki ditzake: arteak historia kontatzeko ahalmena dauka? Irakurketa objektibo batera egokitu daiteke? Posible al da halako zerbait egitea?
Nik puzzle moduko bat egin dut: Agirreren historia kontatzeko ezinbestekotzat jo ditudan atalak bildu ditut, eta modu irekian aurkeztu ditut erakusketan, jendeak bere konexio propioak egin ditzan. Publikoak historia berriz osatzeko lana egin behar du, hori delako iraganari begiratzen diogun bakoitzean egiten dugun ariketa.
Elkano eta Katalina Erauso bezalako kolonizatzaileen irudiak ezbaian jarri dira azkenaldian. Nola ikusten duzu berrikusketa hori?
Berrikusketan zintzoak izan behar dugula uste dut: iragana elementu guztiekin osatu behar dugu. Ezinezkoa da historia modu objektiboan kontatzea, baina garrantzitsua da txanponaren bi aldeak presente egotea errepaso hori egiterakoan.
Pertsonak ez dira inoiz onak edo gaiztoak. Askotan, ordea, mitifikatu egiten ditugu, eta hori, ziurrenik, botereak pertsona horiek irudikatzen duena idealizatu nahi izan duelako gertatzen da. Historia ez da sinplea, eta ez dugu manipulazio horretan erori behar.
Zein beste proiektu daukazu eskuen artean?
Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalarentzako proiektu batean ari naiz lanean hiriko beste eragile batzuekin batera. Hub islands izena darama, eta Peña Gantxegi arkitektoaren lanari lotuta egongo da.
Harrigarria da Agirreren historiatik Peña Gantxegiren arkitekturara salto egiteko gaitasun hori.
Bi proiektuak paraleloki eginez gero zoratu egingo nintzateke, zalantzarik gabe. Batetik bestera egin dut salto, eta egia da oso desberdinak direla, baina artiston lanak hainbat dimentsio eduki ditzake.
Artistak errealitatea hautemateko dugun markoa ulertzeko gaitasuna dauka. Izan interpretazio historiko batean edo izan hiri baten planteamenduan. Niri dagokidanez, obra batera hurbiltzean publikoak esperientzia pertsonal bat bizi dezala bilatzen dut. Bi erakusketetan, zerbaiten lekuko izateko aukera eskaintzen diot jendeari.
Amaitzeko, zergatik aukeratu duzu Garraxi taberna elkarrizketarako?
Nire bigarren bulegoa delako. Estudioa alboan daukat, Egia kalean, eta askotan etortzen naiz bazkaltzera, etxean bezala sentitzen naizelako. Langileak apartak dira eta menua ezin hobea. Ezin nuen leku hoberik aukeratu.
HAMABIETAN BERMUTA. Albondiga beganoak eta artisau garagardoa.
Non. Garraxi taberna (Egia).
Prezioa: 3,50 euro (pintxo potean).