Familia Santuaren lursailarekin zer egin aztertzen ari da eliza
Gotzaindegiak eta udalak bilerak egin dituzte Amara Berriko elizaren etorkizunaz hitz egiteko. Lursaila Donostiako Elizbarrutiarena da, eta han etxebizitzak eraikitzeko asmoa du Gotzaindegiak.
Kezkatuta daude Amara Berriko Familia Santua parrokiara joaten diren auzotar elizkoiak. Prentsan agerturiko albiste baten arabera, Gotzaindegia Familia Santuaren lursailaren salmenta negoziatzen ari da etxebizitzak egiteko. Horren aurrean, Donostiako Elizbarrutiak ohar bat argitaratu du egoeraren inguruko azalpenak emateko, eta elizara joaten direnen artean banatu du. Oharrak ez du ezeztatzen Jose Ignacio Munilla gotzainaren asmoa.
Donostiako Udalak Irutxuloko Hitzari baieztatu dio Gotzaindegiak proposamen bat helarazi ziola lursailean etxebizitzak egiteko. Udalari, ordea, «gehiegizkoa» iruditu zitzaion proposamena, eta baztertu egin zuen. Hain zuzen ere, udalak eta Gotzaindegiak bilerak egin dituzte elizaren eta aterpearen inguruan.
Elizbarrutiak dio Familia Santuaren ondoan Caritasek duen Aterpearen inguruko kexak jaso dituela udalak Amarako auzotarrengandik. Hori dela eta, udalak irtenbide bat bilatzeko nahia agertu zion Elizbarrutiari. «Zerbitzu horrentzako kokapen berria aztertzea jarri zuten mahai gainean». Caritasen proposamena, ordea, ez da mugatzen oraingo zerbitzuak tokiz aldatzera: «Kalean bizi diren pertsonen arreta eta zaintza hobetzeko baliabideak lortzea du helburu». Udalak, aldiz, ez du aurreikusten Aterpea Easora mugitzea.
Familia Santuaren eliza denborarekin hondatzen ari dela ohartarazi dute. «Tenplua konpondu edo berria eraikitzea aztertu izan da, egungo beharrei erantzunez, beti ere gaur egungo toki berean». Elizbarrutiak eliza egungo lursailean mantentzeko borondatea du, baina ez du argitu apaizen etxearekin zer gertatuko den. Izan ere, lursailak hainbat gune ditu: eliza, apaizen etxea eta Caritasen Aterpea.
Udala eta Eusko Jaurlaritza lanean ari dira etorkizuneko Easoko geltokiaren ingurua egokitzeko. Udalaren ustez, Familia Santuaren lursaila berritu nahi den ingurunean sartu behar da, baina ez edozer gauza eraikitzeko. Momentuz, udalak ez du erabakirik hartu horren inguruan. «Gotzaindegiak udalaren hainbat proposamen jaso ditu, Familia Santuaren lursailean zerbitzuei loturiko ekipamendu publiko bat han kokatzeko, auzoaren hirigintza berregituraketa bat kontuan izanik. Berregituraketa horretan udala eta Gotzaindegia izango lirateke onuradunak». Bi aldeek ez zuten inolako konpromisorik zehaztu. «Momentuz ez da ezer erabaki, eta beraz, ez dago berririk», dio udalak.
Duela hilabete batzuk, Gotzaindegiak udalarekin zuen harremana etetea erabaki zuen maiatzaren 26ko udal hauteskundeak gertu zeudelako. «Hauteskunde ostean osatuko den udal gobernu berriarekin berriz ere elkarrizketak abian jartzea bidezkoagoa zela ikusi genuen», dio Elizbarrutiaren oharrak.
Jabetza pribatua
Familia Santuaren lursaila Donostiako Elizbarrutiarena da, eta saltzeko eskumena duela adierazi du udalak. «Planeamendu guztietan bezala, Elizbarrutiak bere lursail horretan etxebizitzak egin nahi baditu, lursaila egokitu beharko du». Hau da, Hiriko Plan Orokorrean aldaketak egin beharko lirateke lursail horretan etxebizitzak egiteko. «Orain arte Gotzaindegiak ez du planeamendua aldatzeko eskaera egin».
Azken hilabeteetan Gotzaindegiak Elizbarrutiaren hainbat eraikin saldu edo salgai jarri ditu bestelako negozio ereduetara bideratzeko. Iazko azaroan, Groseko Zabaleta kalean duen egoitza hotel-apartamentu batean bihurtzeko lizentzia lortu zuen. Udal gobernuak eman zion lanak egiteko baimena. Zehazki, 26 pisu turistiko eraikiko dituzte Zabaleta kaleko 5. zenbakian.
Egun gutxira, Gipuzkoako parrokietako 44 laiko pastoralgilek Gotzaindegiak Zabaleta kalean ireki nahi duen aparthotelaren aurkako gutun bat argitaratu zuten. Idatziaren bitartez, sinatzaileek «Ebanjelioaren aurkako lotsagabekeriatzat» jo zuten Jose Ignacio Munilla gotzainak hartutako erabakia.
Groseko eraikinean elizak 26 apartamentu turistiko egiteko asmoa duela jakitean «harri eta zur» geratu zirela azaldu zuten pastoralgileek, eta «suminduta» agertu ziren Zabaleta kalekoa «ez delako edozein leku, Donostiako Elizbarrutiko gobernuaren egoitza baizik». Sinatzaileen ustez, «berriz ere Munillak, bere gobernu taldearen babesarekin, mespretxu egin dio Gipuzkoako parrokietako mila apaiz eta pastoralgile laikoei».
Lanak aurrera eramateko inbertsio pribatua lortu zuen Gotzaindegiak, eta 4 milioi euro inguruko aurrekontua izango du. Bi urte baino gehiago beharko dituzte obrak egiteko. Eraikina babestua ez dagoen arren, fatxadak errespetatuko dituzte.
Saltzeko beharra
Milioi bat euro inguruko zorra du Donostiako Gotzaindegiak, eta Elizbarrutiaren jabetzak higiezinen sektorera bideratzen ari da. Grosen sustatu duten proiektuaren aurretik, Intxaurrondoko Santu Guztiak parrokia saldu zuten zaharrentzako sei solairuko egoitza bat bihurtzeko.
Bestalde, Urdaneta kalean –Artzain Onaren katedralaren albo batean– dago erretreta hartu duten apaizen egoitza. Han dago ere Idatz liburudenda. Munillaren asmoa da eraikin hori saltzea hotel bat edo pisu turistikoak jartzeko. Aipaturiko kasuen zerrendara gehitu daiteke Amara Berriko Familia Santuaren eliza. Beti ere, Gotzaindegiak han etxebizitzak egiteko asmoari eusten badio.