"Twitterren esketx bat jartzen dut egunero"
'Como tener exito escribiendo sketches' gidaliburua argitaratu du Fernando Erre gidoigileak (Parte Zaharra, 1976). Umorezko esketxen saio askotan lan egin izanak eskarmentua eman dio donostiarrari.
Zer da umorezko esketx bat?
Pieza motz bat da, literatur kontakizun baten antzekoa. Denbora gutxian egoera komiko bat azaldu behar du, eta bukaeran barrea eragin.
Zeintzuk dira esketxaren ezinbesteko osagaiak?
Nire ustez egitura da oinarrizkoena. Aurkezpen on bat izan behar du, abiapuntu hori behar bezala garatuko duen korapiloa, eta funtzionatuko duen bukaera. Garrantzitsua da esketxaren bukaerak goraldi bat izatea, geratzen den aho zaporea delako. Barrea eragin behar du, edo gutxienez kontaturiko egoeraren gainetik geratu. Bukaera eskasa denean, sentsazioa txarra da. Bestalde, garrantzitsua da gidoia egokia eta elkarrizketak naturalak izatea. Iraupen aldetik, nik uste dut komeni dela laburra izatea. Bi edo hiru minutukoa da egokiena.
Gidaliburuan esketxen inguruko aholkuak eta ereduak jaso dituzu. Gidoiak idaztea baino gehiago kostatu zaizu liburua osatzea?
Buelta asko eman dizkiot. Uste dut 2016an idazten hasi nintzela. Ideia, ordea, aspaldikoa da. Gidoiak idazten hasi nintzenean, eta argi ikusi nuenean horrelako gidoiak idatzi nahi nituela, ez nuen eskura inolako gidalibururik. Vaya Semanita saioa egiten genuen garaian hutsune hori nabaritu nuen, eta gerora ere horrelako gidarik ez zegoela konturatu nintzen. Egun batean ikusi nuen nire idazketa eta ideiak zehazteko baliagarria izan zitekeen eskuliburu bat idatz nezakeela. Niretzako gida izan behar zuenak, besteentzako ere balio zuela ikusi nuen. Zalantza askorekin eskema bat osatu nuen, eta idazten hasi nintzen. Asko laburtu behar izan dut, eta baita ordenatu ere. Argitaratzeko aukera izan dut, eta dirudienez harrera ona izan du.
Edonork idatz dezake umorezko esketx bat?
Nik uste dut baietz. Idatzi dudan gidaliburuaren helburuetako bat da. Edonork idatz dezake esketx bat, beti ere interes berezia badu horretarako. Idazten ikas daiteke, teknika bat duelako. Uste dut umorea landu daitekeela, eta eboluzio bat izan dezakeela edozeinen bizitzan.
Orduan, ez da beharrezkoa pertsona umoretsua izatea?
Tira, zertxobait bai. Halere, umorezko testua idazteko ez duzu derrigorrez grazioso bat izan behar. Duela urte batzuk anekdota barregarri bat izan nuen. Betiko lagun batekin nindoan autoan, eta esan zidan harrigarria iruditzen zitzaiola nik umorearen sektorean lan egitea. Egoera xelebrea izan zen. Askotan nahasten da umorezko testuak idaztea eta komikoa izatea.
Umorezko esketxek abantaila asko dituztela esan izan duzu. Zeintzuk dira?
Idazterakoan abantaila argi bat dute. Erraz eta denbora laburrean idatz dezakezu esketx bat. Arratsalde batean, edo asko jota hiru egunetan. Zirriborroa momentu batean egin daiteke. Erritmoa hartu orduko asko idatz ditzakezu. Bestalde, esperimentuak egiteko aproposa da. Aukera narratibo asko ditu. Ez da gauza bera telesail edo film baterako gidoia idaztea. Esketxak ez zaitu horrenbeste mugatzen.
Komediaren alorrean sartzeko ere formatu egokia da. Azkenik, beste abantailetako bat da esketxen hedapen. Gaur egun erraza da esketx bat egin eta Interneten jartzea. Ez duzu ekoizlerik behar, zuk zeuk egin dezakezu eta zabaldu. Era berean, kontsumo errazekoa da, eta hori gaur egun abantaila oso garrantzitsua da.
Barrerik eragiten ez duen esketxa porrota da?
Bada, bai. Nik porrot asko ditut. Askotan pasa zait eta parte hartu dudan programa guztietan. Adibidez, Vaya Semanita eta Irrikitown saioetan huts egin duten esketx asko daude. Aste batean 30 esketx idaztea ez da erraza, eta are gutxiago guztiak onak izatea. Egia esan, horren txarrak dira nire esketx batzuk barre egin dudala horien kontura. Dena dela, beti ez da gidoiaren arazoa izaten. Aktoreek eta atrezzoak eragin dezakete txarrerako, baina baita hoberako ere.
Eboluzio nabarmena izan du umorezko esketxak. Zein da bere etorkizuna?
Galdera zaila. Antzerkian sortu zen vaudeville generoaren bidez, eta ikus-entzunezkoekin eboluzionatu du. Aurrera begira, Internetek bide interesgarri bat eman ahal dio esketxari. Etorkizuna sarean ikusten dut. Nolanahi ere, telebista digitalen plataformek ere apustu zehatza egin dezakete. Plataforma horietan ez daude esketxen programak, baina egon daitezke.
Zein da gustuko duzun umore mota?
Gauza asko gustatzen zaizkit. Umore beltza eta ingelesa oso gustuko ditut. Monty Python eta Barrio Sesamo nire gogokoenen zerrendan daude, baina luzeegia da zerrenda hori. Twitterren esketx bat jartzen dut egunero.
Jose Mota komikoak idatzi du gidaliburuaren sarrera. Berak dio umorezko gidoilari onenetakoa zarela.
Ohorea da berak halako zerbait esatea, baina ez dakit horrela den. Mota oso ondo portatu da nirekin. Duela gutxi berarekin lan egiteko aukera izan dut, eta harreman ona izan dugu. Liburua ateratzeko gutxi falta zela komentatu nion, eta prest agertu zen parte hartzeko. Asko eskertzen diot. Oso pertsona jatorra da, hurbilekoa. Madrilgo aurkezpenera etorriko zela esan zidan, eta horrela izan zen.
Esan bezala, berarekin lan egin duzu TVEko saio berri baterako.
Hilabete honetan estreinatuko dela uste dut, eta Santiago Segura da aurkezlea. Ikusteko gogoa dut. Vaya Semanita eta Motaren estiloaren arteko nahasketa bat da. Umorezko esketxen programa bat da, eta imitazioak ere tartekatuko ditu. Motak soilik zuzendaritza eta ekoizpen lanak egin ditu. 50 minutu inguruko sei atal izango ditu.
Vaya Semanita saioaren arrakasta iraganean geratu da. Berreskuratzeko aukerarik ikusten duzu?
Egia esan, ez. Saioak bere momentua izan zuen. Ondoren, bertsio hainbat egin genituen ETB2rako. Uste dut beldur moduko bat dagoela gaur egun horrelako saio bat egiteko. Beste arrazoi batzuk ere badaude. Batetik, ekonomikoa, eta bestetik, esketxen programak gehiegi errepikatu izana.
Euskarazko esketxen umore saiorik ere ez dago. Horren zaila da umorea euskaraz egitea?
Ez, eta datu bat emango dut. Irrikitown saioaren 23 atal grabatu genituen eta 1.000 aldiz errepikatu dira. Bitxia bada ere, errepikapenek audientzia datu onak eman dituzte. Wazemank saioak ere harrera oso ona izan zuen. Gaur egun, Herri Txiki Infernu Handi saioa da euskarazko umorearen beste eredu bat. Azken batean, umorea unibertsala da eta ez du hizkuntza propiorik.