Sara Majarenasek "salbuespenezko" egoera bizi duela salatu dute
Kontxi Ibarretak eta Amaia Zurutuzak, Sara Majarenasen amak eta lagunak hurrenez hurren, agerraldia egin dute Emakumeen Etxean. Majarenasen eta haren alabaren erasotzailea aske gelditu zenetik donostiarra “salbuespenezko” egoeran bizi dela salatu dute. Bihar hasiko da ahozko saioa, eta bezperan Majarenas nola dagoen adierazi nahi izan dute. Berriak eman du albistea.
Pasa den otsailaren 15eko azken saioan, epaileak erabaki zuen Majarenasen erasotzailea aske uztea, epaiketako prozesua “luzatzen” ari zelako, eta behin-behineko espetxealdia “oso salbuespenezko neurria” delako. “Aitortu zuen alaba hiltzen saiatu zela”, nabarmendu du Ibarretak: “Nola bizi du Sarak egoera hori? Heriotza mehatxua dauka”. Azaldu dutenez, erasotzaileak pultsera telematikoa dauka jarrita, eta Euskal Autonomia Erkidegoan sartzeko debekua du. Edonola ere, Espainiako gainontzeko autonomia erkidegoetan ibili daiteke erasotzailea, eta bi kilometroko urruntze agindua du.
Hori betetzen dela jakiteko, ordea, Majarenasek gailu telematiko bat du, 24 orduz konektatuta: “Une oro dago zelatatua, ezin du Frantziako muga pasatu abisatu gabe, zortzi ordutik behin bateria jarri behar zaio gailuari, eta, beraz, ezin ditu unean uneko planak egin”, azaldu du Ibarretak. “Ez da zigor proportzionatua. Inork badaki zer estres dakarren horrek?”. Bestalde, jakinarazi dute erasotzailearen pultsera telematikoak huts egin duela hirutan.
Ibarretak eta Zurutuzak salatu dute aske den erasotzailearen beldur ez ezik justiziaren beldur ere badirela: “Beldurra bikoitza da; libre den hiltzailearena eta Espainiako justiziarena”. Bi urteren ostean, oraindik ez da epaiketa egin.