Azken udalbatzarra egin du egungo udalbatzak
Donostiako Udalbatzak azken udalbatzarra egin du gaur goizean. Ez ohiko saioa izan da eta laburra. Apirilaren 17an izandako bileraren akta ontzat jo dute, eta legealdiko azken argazkia atera dute.
Alkatea izendatzeko udalbatzarra larunbatean egingo dute udal batzar aretoan, 10:30ean. Egun berean osatuko da Donostiako Udalbatza, 27 zinegotzirekin. 13 dira jarraituko ez dutenak: Miren Azkarate eta Maria Jesus Zelaia (EAJ), Alfonso Gurpegi eta Ane Oiarbide (PSE-EE), Naiara Sampedro, Ayem Oskoz, Josu Ruiz eta Amaia Almirall (EH Bildu), Miren Albistur, Txema Murgiondo eta Jose Luis Arrue (PP), eta Amaia Martin eta Loic Alejandro (Irabazi Donostia).
Udal hauteskundeetako emaitzak kontuan hartuta, hauek izango dira udalbatza osatuko duten hautetsiak: EAJko 10 zinegotzi, EH Bilduko 6, PSE-EEko 5, PPko 3 eta Elkarrekin Podemoseko 3.