Hastear da udako denboraldia udal igerilekuetan
Bihar, ekainaren 13an, hasiko da udako denboraldia udalaren kirol instalazioetan. Hain zuzen, Etxadi eta Intxaurrondoko kanpoko igerilekuak irekiko dituzte, eta irailaren 15era arte luzatuko da denboraldia.
Donostiako Udalak jakinarazi du uda honetan igerilekua duten kiroldegi guztiak udako egun guztietan egongo direla irekita, baita igandeetan zein jai-egunetan ere. Era berean, Paco Yoldi, Etxadi eta Intxaurrondoko kiroldegiek izango dute ordutegi zabalena: asteburu eta jai-egunetan, 9:00etatik 20:30era.
Gainera, www.donostiakirola.eus webgunean instalazio guztietako kirol guneen betetze maila denbora errealean kontsultatzeko aukera dagoela gogoratu du udalak. Ondorioz, uda honetan kanpoko igerilekuetan unean-unean dagoen betetze maila ikusteko aukera izango dute erabiltzaileek, eta horrek zein instalaziora eta zein ordutegian joateko erabakia erraztuko die herritarrei.