Majarenasen erasotzaileak libre jarraitzea salatu du EH Bilduk
Epaileak erabaki du Sara Majarenasen eta haren alabaren erasotzaileak libre jarraitzea. Valentziako probintzia auzitegik epaileak dio ez duela ihes egiteko arriskurik. Aldiz, Fiskaltzak 30 urteko zigorra eskatzearekin batera, epaiketa egin bitartean erasotzailea espetxeratzeko eskatu zuen. Aste honetan salatu dute Majarenasek “salbuespenezko” egoera bat bizi duela.
Donostiako EH Bilduk epailearen erabakia kritikatu du: “Biktima izan arren, erruduna Majarenas dela ematen du”. Erabakiak amaren eta alabaren estres, urduritasun eta beldur egoera handitu baino ez duela egiten gaineratu dute. “Sarak eta Izarrek ezin dute bizitza normaltasunez bizi, eskumuturreko telematikoa eraman behar du berak eta une oro zelatatua egon behar da Ertzaintzaren aldetik. Honek guztiak egunero erasotua izateko arriskua dutela gogorarazten die biktimei. Gainera, gogoratu behar da eskumuturreko telematikoak huts egin duela hirutan, horrek sortzen duen larritasunarekin”.
Majarenas eta haren alabak bizi duten egoera “sistema judizial matxista eta heteropatriarkatuaren” ondorioa dela dio EH Bilduk. “Indarkeria matxista jasaten duten emakume guztiak aurkitzen dira egoera berdinean, hau da, biktimen gain geratzen dela ardura guztia. Arriskua bikoitza da, libre den erasotzailearena eta Espainiako justiziak sistematikoki hartzen dituen erabakiena”.