EAJk eta PSE-EEk gobernu hitzarmena adostu dute
Datozen lau urteetan ere Donostiako Udalean elkarrekin gobernatuko dute EAJ-k eta PSE-EE-k. Joan den maiatzaren 26ko hauteskundeen emaitzen ondoren, oinarrizko agiri batean jaso dute euren gobernu egitasmoa. Eneko Goiak eta Ernesto Gascok bihar, asteartea, 11:00etan emango dute adostutako itunaren berri, udaletxean.
Gobernu hitzarmen honen arabera, alkatetzaz gain, EAJk honako arloak kudeatuko ditu Donostiako Udalean: Hirigintza eta etxebizitza; Lehendakaritza, Gardentasuna, Giza Baliabideak; Partaidetza eta Berrikuntza; Mugikortasuna eta garraioa; Ogasuna eta finantzak; Gizarte ekintza; Kirolak, Hiri Segurtasuna eta Babes Zibila; Kultura, Euskara eta Festak. PSE-EEk, berriz, bere gain hartuko ditu arlo hauek: Ekonomiaren Sustapena, Enplegua eta Turismoa; Gune Publikoak eta Hiri Proiektuak; Ekologia, Hezkuntza eta Gazteria; eta Berdintasuna, Lankidetza eta Eskubide Zibilak.