G7-aren Biarritzeko gailurraren aurkako manifestazioa egingo dute larunbatean
Donostiako G7 Ez plataformak manifestazioa egingo du larunbatean hiriko kaleetan zehar, abuztuaren 24tik 26ra Biarritzen egingo den G7-aren gailurraren aurka. Protesta 17:00etan abiatuko da Easo plazatik, Gipuzkoarrok G7ari EZ! lelopean.
Maila nazionaleko plataformak Donostian duen taldeak abuztuko bilkuraren kontrako hainbat ekitaldi egin ditu azken hilabeteetan zehar. Ekaina hasieran, esaterako, G7-a osatzen duten agintariei ‘ongi etorria’ emateko ekintza xelebrea egin zuen kaian, eta hausnarketarako bi mahai-inguru ere antolatu ditu apirilean eta maiatzean.
Biarritzen egingo den gailurra kapitalismo heteropatriarkalaren ikur gisa hartuta, G7 Ez plataformak hiru helburu zehaztu ditu datozen hilabeteetarako: Euskal Herriko populazioa mobilizatzea, bestelako alternatibak ezagutzera ematea eta, desobedientzia zibilaren bidez, gailurra ahal bezain beste oztopatzea.
Duela aste gutxi, Irutxuloko Hitzak erreportaje bat argitaratu zuen Donostiako G7 Ez plataformako bi kide elkarrizketatuta.