Hiri hitzarmena sinatu dute Eneko Goiak eta Ernesto Gascok
Udal gobernuan aldaketak egongo dira aurreko legealdiarekin alderatuta. Nekane Arzallus izango da Hirigintza zinegotzi berria eta lehen alkateordea.
EAJk eta PSE-EEk datozen lau urteetarako gobernu hitzarmena sinatu dute udaletxean. Eneko Goia alkateak eta Ernesto Gasco zinegotzi zein alkateordeak eman dituzte akordioaren xehetasunak. Atzo adostu zuten gobernu ituna.
Bi alderdiek sinatutako dokumentuak legealdi berriko gai orokorrak jasotzen ditu. Horiek udazkenera bitartean prestatuko duten gobernu programan zehaztuko dituzte. “Aurreko legealdia produktiboa izan zen hiriarentzat. Donostiak aurrera egin du eta hori lortu dugu akordioetarako gaitasuna izan dugulako”, azpimarratu du Goiak. “Egonkortasunerako akordio bat da, elkarrizketarako, ulertzeko eta oinarriak finkatzeko, hiriaren aurrerapena, egonkortasuna eta oparotasuna bermatzeko”, gaineratu du Gascok.
Desberdintasunak alde batera utzi dituztela adierazi du Goiak. “Gure esfortzuak batzen gaituzten gauzetan jarri dugu”. Gascoren ustez, akordioa “orekatua eta zentzuduna” da, eta adostasunera iristea erraza izan dela esan du. “Aurretik jarri ditugu hiriaren eta donostiarren interesak”. Bestalde, akordioak udalaren egonkortasuna ziurtatzen duela esan du alkateak, baina gainerako udal taldeei ere eskua luzatu die elkarlanean aritzeko.
Zazpi eta lau
Legealdi berriko zinegotzigoen banaketa egin dute bi alderdiek. Zazpi izango ditu EAJk eta lau PSE-EEk. Berritasun nagusiena da Nekane Arzallus izango dela Hirigintza zinegotzi berria. Horrekin batera, lehen alkateordea izango da. Enrique Ramos, aldiz, ekologia, hezkuntza eta gazteria sailaz arduratuko da aurrerantzean. Marisol Garmendia izango da Gune Publiko eta Hiri Proiektuen zinegotzia, eta beste zinegotzigo bat sortu dute, oraindik arduradunik ez duena, baina jeltzaleek kudeatuko dutena: Auzo eta Zeharkako Proiektuetarako atxikitutako zinegotzia.
Hona hemen Donostiako Udal Gobernua osatuko duten zinegotzien eta arduren zerrenda:
- Nekane Arzallus, Hirigintza Jasangarria eta Etxebizitza.
- Juan Ramon Viles, Lehendakaritza eta Gobernantza.
- Pilar Arana, Mugikortasuna eta Garraioa.
- Jaime Dominguez-Macaya, Ogasuna eta Finantzak.
- Aitziber San Roman, Gizarte Ekintza.
- Martin Ibabe, Kirola, Herri Segurtasuna eta Herri Babesa.
- Jon Insausti, Kultura, Euskara eta Jaiak.
- Zehazteko, Auzo eta Zeharkako Proiektuetarako atxikitutako zinegotzia.
- Ernesto Gasco, Garapen Ekonomikoa, Merkataritza, Ostalaritza eta Turismoa.
- Marisol Garmendia, Gune Publiko eta Hiri Proiektuak.
- Miguel Angel Diez, Gune Publikoetara atxikitutako zinegotzia.
- Enrique Ramos, Ekologia, Hezkuntza eta Gazteria.
- Duñike Agirrezabalaga, Berdintasuna, Elkartasuna eta Eskubide Zibilak.
Tokiko Gobernu Batzordea, berriz, ondorengoek osatuko dute:
- Eneko Goia, alkatea.
- Nekane Arzallus, lehen alkateordea.
- Ernesto Gasco, bigarren alkateordea.
- Marisol Garmendia, hirugarren alkateordea.
- Juan Ramon Viles, laugarren alkateordea.
- Jaime Dominguez-Macaya, idazkaria.
- Pilar Arana, idazkariaren lehen ordezkoa.
- Enrique Ramos, idazkariaren bigarren ordezkoa.
- Atziber San Roman.
- Martin Ibabe.