
Donostia Kulturak aurreikusten du udazkenerako Ernest Lluch kultur etxea jatorrizko lekura itzultzea. Hau da, Anoeta estadiora. Jaime Otamendi Donostia Kulturako zuzendariak jakinarazi duenez, zerbitzuak hobekuntzak izango ditu Anoetaren berritzearen ostean. Iraileko aurreneko ikastaroak dagoeneko Amara Berriko zentro berrituan emango direla gaineratu du. Era berean, liburutegi berria estreinatuko dute.
Une honetan, ARCCO merkataritza gunean daude Ernest Lluch kultur etxearen zerbitzu gehienak. Iazko urrian itxi zuten Anoetako egoitza futbol zelaiaren berritze lanengatik. Ordurako liburutegia tokiz alatu zuten. Aldi berean, KZgunea ere ARCCOra eraman zuten. Haurtxokoa eta Gaztelekua, berriz, Ferrerias plazan jarri zituzten. Plus 55 zerbitzua, aldiz, Morlansko Zerbitzu Sozialen egoitzara mugitu zuten.