Udan irakurtzeko liburuen gomendio zerrenda osatu du Donostia Kulturak

Donostia Kulturako liburuzainek udan irakurtzeko liburuen gomendio gida berri bat prestatu dute. 2018an argitaratuak izan ziren liburuen artean 113 izenburu aukeratu dira, 56 euskaraz idatziak eta beste 57 gaztelaniaz idatziak.
Liburuak adin guztietako irakurleei zuzenduak daude, hau da, 0tik 100 urte bitartera eta haurrei zuzenduak adinaren arabera sailkatuak agertzen dira. Irakurketa Errazeko liburuak, hau da, edozein arrazoirengatik irakurketarako zailtasunak dituen jendearentzako liburuak gomendioen artean tartekatzen dira.
Aukeratuak izan diren izenburu guztiak Donostia Kulturako Udal Liburutegien Sarean eskuratu daitezke eta bazkideek maileguan hartu eta erreserbak egiteko aukera dute. Zenbait liburu, eLiburutegia plataforma digitaletik deskargatu daitezke pantailetan irakurri ahal izateko.
Liburuen gida hau bi euskarritan argitaratu da, paperean eta euskarri digitalean. Paperezko argitalpena Donostia Kulturako liburutegietan eta kultur etxeetan eskuratu daiteke eta bertsio digitala berriz, erakundearen webgunean dago zintzilikatua, irakurri, deskargatu, eta inprimatu ere ahal izateko.