Donostiako Klasikoak diru sari berdinak banatuko ditu gizon eta emakumeen probetan
Abuztuaren 3an izango da Donostiako Klasikoa, eta lehendabiziko aldiz emakumezkoen proba egingo dute gizonezkoenarekin batera. Aldi berean, diru sari berdinak banatuko dituzte bi probetan. Ibilbideen aurkezpena egin dute gaur goizean Julian Eraso Klasikako zuzendariak, Leire Olaberria emakumezkoen probako zuzendariak eta Martin Ibabe Kirol zinegotziak.
“Iaz agindu genuena bete dugu. Beste pauso bat eman nahi genuen parekidetasunerantz, eta eman dugu”, adierazi du Erasok. Emakumeen estreinako proba antolatuta “txirrindulari askoren ametsa” bete dela esan du Olaberriak. Aldi berean, EITBri eskerrak eman dizkio emakumeen lasterketa ere telebistan zuzenean eskainiko dutelako.
Emakumeen Klasikoak 127,1 kilometro izango ditu; lau mendate –Jaizkibel, Arkale, Mendizorrotz eta Murgil– eta bi esprint puntuagarri. Bestalde, proba 10:00etan abiatuko da Bulebarretik eta 13:30 inguruan helmugara iritsiko direla aurreikusten dute. Gizonezkoen Klasikoarekin alderatuz, emakumezkoena ez da World Tour mailakoa izango. Egun berean beste proba bat izango da Londresen. Dena dela, espero dute World Tourreko ziklista askok parte hartzea. Esaterako, Annemiek van Vleuten herbeherearra (Mitchelton-Scott) Donostiara etor daitekeela esan du Olaberriak. 18 taldek parte hartuko dute, eta bakoitzak 7 txirrindulari izango ditu.
Gizonezkoen Klasikoak 227,7 kilometro izango ditu, eta guztira zazpi mendate gaindituko dituzte. Dena dela, ibilbideak hainbat berritasun izango ditu. Lehen erdia berdina izango da –Meaga, Iturburu, Alkiza eta Jaizkibel igoko dituzte–. Bigarren erdia, ordea, desberdina izango da iazkoaren alderatuta. Arkale, Jaizkibel eta Arkale igo ordez, Erlaitz eta Mendizorrotz gainditu beharko dituzte. Murgil bidetik igoko dute bigarren gaina, eta Murgil tontorra izango da azken mendatea. 11:30ean abiatuko da lasterketa Bulebarretik eta 17:30 inguruan iritsiko dira Bulebarreko helmugara.
Parte hartzeari dagokionez, guztira 22 taldek parte hartuko dute: World Team mailako 18 talde eta gonbidatu diren Kontinental Profesional mailako lau talde (Cofidis, Caja Rural, Euskadi Murias eta Burgos). Bakoitzak 7 txirrindulari izango ditu, guztira, 154 ziklista.