Elkarretaratzera deitu dute Urruñako erailketa matxista salatzeko
Joan den asteartean tiroz hilda aurkitu zuten bikote bat Urruñako etxe batean. Polizia gertakaria ikertzen ari da, baina, Berria hedabideak azaldutakoaren arabera, lehen zantzuek diote indarkeria matxistarekin lotuta dagoela hilketa. Poliziaren hipotesia da gizonak emakumea hil zuela, eta ondoren bere buruaz beste egin zuela.
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak erailketa matxisten aurkako erantzun protokoloa martxan jarri du, eta mobilizaziora deitu du biharko, ekainaren 21erako, hainbat euskal hiri eta herritan. Donostian, Bulebarrean deitu dute elkarretaratzera, 18:30ean.
Mayie Nervi zuen izena hildako emakumeak, eta 81 urte zituen. Emakumeen Mundu Martxak jakinarazi du Euskal Herrian 2019an indarkeria matxistaz eraildako lehen emakumea dela. Era berean, poliziaren hipotesia baieztatzekotan, indarkeria matxistagatik 2003az geroztik hildakoak 99 lirateke, BERRIAk indarkeria matxistari buruz egindako maparen arabera; 11 ume ere hil dituzte.
Hona hemen Emakumeen Mundu Martxak zabaldu duen komunikatua:
Beste erailketa matxista baten berri izan genuen asteartean, lehendabizikoa dugu aurten Euskal Herrian: Mayie Nervi gogoan zaitugu! 81 urteko emakumea erail berri du bere bikoteak Urruñan, Lapurdin. Maguette Mbeugou senegaldarra zen eta adingabe biren ama. Atzo, asteartea, aurkitu zuten emakumea Urruñan, bere etxean. Hiltzaileak tirokatu ondoren bere burua hil du, alabak aurkitu du eta poliziari deitu du.
Mugimendu Feministak lan kolosala egin du indarkeria matxistari hitzak jartzen eta jendartea sentsibilizatzen. Hala zabaldu dugu emakumeon aurkako indarkeriak ez duela mugarik, bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna baita, eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak betikotzeko tresna. Ezinbestekoa egiten zaigu argi eta ozen esatea ez dugula atzera pausurik emango, gogor jarraituko dugu indarkeria matxistaren aurka. Nahiz gaurko politikak atzeraka joaten saiatzen diren. Ez diogu indarkeri matxistari lekurik emango gure gizertean.
Ez dira modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak; gure sistemaren muinean erreproduzitzen den indarkeria da: kultura aparatuan, komunikabideetan, estatuan, lan merkatuan, familian edota hezkuntza sisteman. Honen aurrean, agente sozial, politiko eta instituzional guztien ardura pertsonal eta kolektiboa ezinbestekoa da. Apustu ausartak eta neurri sakonak beharrezkoak dira. Hitzetatik praktikara pasatzeko garaia da.
Emakumeen Mundu Martxatik gogor salatzen dugu Urruñako erailketa eta Ekainaren 21ean egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu! Honekin batera autodefentsa feministarako deia egiten dugu, gure bizitzak direlako jokoan daudenak. Feministok erantzuteko prest gaude! Martxan jarraituko dugu, elkarrekin borrokan, denak aske izan arte!