Erreferenduma posible egiteko bazkideak bilatuko ditu Donostian Gure Esku Dagok
Euskal Herritarrek euren etorkizun politikoa euren kabuz erabakitzeko erreferenduma antolatu nahi du Gure Esku Dago plataformak, eta egitasmo hori aurrera atera ahal izateko, bazkide kanpaina bat abiatu dute bere kideek. Larunbatean, bazkidetzak egiteko mahaiak aterako dituzte hiriko hainbat puntutan: 11:00etatik 14:00etara bitarte, Bulebarreko kioskoan, Antiguako Txalupagillene plazan eta Groseko Nafarroa Beherea plazan egongo dira.
Gure Esku Dago plataforma ideologikoki eta ekonomikoki autonomo eta beregaina bilakatzea da kanpainaren helburua. Dagoeneko 2.400 bazkide lortu dituzte, eta Gure Esku Dagori buruzko informazioa jaso dezaten, Plaza izeneko plataforma digitala ere sortu dute.
Jarraian, Gure Esku Dagok plazaratutako oharra:
Bidelagun izan zaitugu orain arte, eta anbizioz beterik ekin diogun etapa berrian ere, ezinbestekoa zara. Une garrantzitsu honetan, erabakiaren bidean urrats berri eta eraginkorrak egiteko, dinamika sendotu beharra daukagu guztion artean, Gure Esku herri mugimendu indartsu, autonomo eta beregaina izan dadin, ideologikoki zein ekonomikoki. Egitera goazen urratsak sakonagoak izan daitezen, Gure Eskuren bazkide egiteko animatu nahi zaitugu.
Bazkidetza kanpaina martxan jartzearekin batera, ‘Plaza’ deituriko plataforma digital berri bat estreinatu dugu, bazkideek, dauden tokian daudela, Gure Eskuren puntako informazioa jasotzeko eta erabakietan parte hartzeko aukera izan dezaten.
2.400 gara dagoeneko. Komunitatea haztera goaz orain, helmugara elkarrekin iristeko. Egizu posible, egin bazkide!