'Soy una tumba'
Zigor Etxebeste, zinema kritikaria.
‘SOY UNA TUMBA’
Zuzendaria: Khris Cembe
Urtea: 2018
Herrialdea: Espainia
Madrilen jaiotako baina Cangas do Morrazon hazitako Khris Cembek bere bigarren film laburrarekin Goya sarietarako izendapen bat lortu du aurten, eta Clermont-Ferranden ospatzen den film laburren nazioarteko zinemaldian parte hartu du ere. Galizian errotutakoa, kontrabandoan oinarritu du Soy una tumba, baina batez ere haur baten susperraldiaz aritzen da.
Hasieratik ikusiko ditugu bi protagonistak, haur txiki bat eta bere aita, Galiziako kostaldeko etxetxo batean (Rias Baixaseko edozein itsasadarra izan daitekeenean) bizi direnak. Bakardadean eta isiltasunean gosari unea partekatzen dute. Geroago jakingo dugu goibeltasun hau amak jasandako zorigaiztoko istripu batek bideratu duela. Orduan, goardia zibil batek atea jotzen du, aitari tabako kontrabandora joateko proposatuz. Haurrak badaki ez dela lehen aldia, ezta ere azkena, aitak bien bizirauterako beharra sentitzen baitu. Hala ere, kontrabandoan gertatzen ohi denez, negozioak merkantzia arriskutsuago bat dakar, eta horrek aitaren pazientzia agortuko du. Semea aita eta goardiaren atzetik joan da (haurren jakinminak beti arriskura bideratzen ditu) eta basoan borroka bortitza ikusiko du bi gizonen artean. Hasieran aipatu dugun susperraldia hemen dator, haurrak heriotza indarkeriz ikusiko baitu, eta zorigaitzaren arrastoa ezabatzeko bere aita laguntzen saiatuko da, itsasadar barnera abiatuz. Film laburraren irudirik aztoragarriena hemen kokatzen da, erahilketen eta krimenen frogak itsasadarraren hondoak gordetzen dituelako. Itsasadarra hobi isil bat baita.
Khris Cembek bi animazio teknika erabili ditu Soy una tumba filmean, bata ohikoa den bi dimentsiotako teknika klasikoko koloretako marrazkiak, eta bestea zirriborroz osatutako zuri-beltzezkoa. Bigarren hau semeak dituen oroitzapen tristeak erakusteko erabiliko du, nolabait, amaren zorigaitzaren oroimen lausoa zirriborratuz.
Cemberen lanak beste galiziar animazio zuzendari baten urratsak jarraitzen ditu, Alberto Vazquez, hori bai, bestelako istorio mota batekin. Vazquezen hiru lan arrakastatsuetan parte hartu du ere Cembek, Birdboy (2011) eta Decorado (2016) film laburretan, eta Psiconautas (2015) film luzean. Animaziozko zinema galiziarrak etorkizuna baduela dirudi.