Euskaraz mintzatzen jarraituko dute
Mintzalaguna egitasmoak 25 urte bete ditu, eta hori ospatzeko ekitaldia egin dute San Telmo Museoan.
Euskaltegietan jende ugari ari zen euskara ikasten, baina ikasten zutena kalean erabiltzeko zailtasunak zituzten. Horri aurre egiteko Bagera elkarteak Mintzalaguna egitasmoa sortu zuen duela 25 urte. Ordutik 2.500 mintzalagun baino gehiagok parte hartu dute, eta hori ospatzeko ekitaldia egin zuten hilaren 14an, San Telmo Museoan.
Urte hauetan guztietan egindako bidearen errepasoa egin zuen Oihana Maritorena aurkezleak. Hainbat protagonista izan zituen alboan. Mintzalaguna egitasmoaren sorreraz hitz egiteko Amaia Balda sortzaileak eta Txaro Arrona lehen ikasturtean parte hartu zuen bidelariak hartu zuten hitza. «Hizkuntz ohiturak aldatzea zaila zenez, ikusi genuen ezezagunekin elkartuta euskaraz lasaiago hitz egiteko aukera izango zutela», adierazi zuen Baldak.
Aretora sei lagun berandu sartu ziren, eta euskaraz hitz egiteko bidelagun eskaera bat egin zuten taula gainetik umore kutsuarekin. Ekitaldiak aurrera egin ahala topatu zuten bidelagun aproposa, eta gerora kostatu zitzaien guztiei ondoen zetorkien ordutegia zehaztea; baina lortu zuten.
25 urtetan bidelagun izan direnei eskerrak eman zizkien Maritorenak, eta bidelagunak topatzeko kanpainaren bideoa eskaini zuten. Izan ere, egitasmoarekin jarraitzeko bidelagunak behar dituzte. Hau da, euskaraz hitz egiteko prest dagoen jendea.
Bidelari eta bidelagunen arteko harremana garrantzitsua izan da egitasmoa abian jarri zenetik. Bien arteko «sinbiosi harremana» azpimarratu zuen Maritorenak. Eredu gisara, Aritz Branton bidelagunak eta Giovanna Santamaria bidelariak egitasmoari esker jaso duten ekarpenaren inguruan hitz egin zuten.
Izarne Zelaia Bagerako zuzendariak testu bat irakurri zuen ekitaldian, mintzalagunei eskerrak emateko. Bukaerako esaldian nabarmendu zuen bidelagun eta bidelariek duten garrantzia etorkizunean ere: «Ederra da zuen airetik arnasa hartzea eta beste horrenbeste urtetan ez gaitzazuela oxigenorik gabe utz». Bagera elkarteak Aitziber Gurutzeaga lankideari espero ez zuen omenaldia eskaini zion, Mintzalaguna egitasmoaren partaide garrantzitsua izan delako. «Mila esker egitasmoa aurrera eramaten duzuen guztiei», adierazi zuen.
Asteroko hitzorduekin batera, Bagerak antolatzen dituen gainerako jarduerak azpimarratu zituen Maritorenak. Hala nola, hilean behin egiten dituzten irteerak eta mintzodromoak. Horrez gain, Mintzalaguna egitasmoaz harago dauden mintzapraktika bat aipatu zuen, Mintzanet atariak eskaintzen duena.
Ekitaldia kantuan bukatu zuten San Telmo Museora joan zirenek. Lehenik, Izarne Zelaia bertsolariak prestatutako bertsoa kantatu zuten, eta gero Topa dagigun abestia. Urteurrena behar bezala biribiltzeko, afaria egin zuten Kresala elkartean.