Festa piztuko dute hainbat auzotan
Intxaurrondoko, Altzako eta Oletako jaiek bat egingo dute igandeko San Joan bezperako suarekin.
Kantuan abiatu zituzten atzo Intxaurrondoko San Joan jaiak. Igandera begira jarri dira, arratsaldetik gauerdia pasa bitarte egitarau herrikoia eta parte hartzailea prestatu dutelako. Haizalde elkartea, Plazara Goaz euskara elkartea, Intxaurrondoko Gazte Asanblada, Intxaurrondo kultur etxea eta Donostia Festak dira antolatzaileak. Antolaturiko jarduera gehienak Bernart Etxepare plazan izango dira, azken urteetan egin duten gisara. San Joan bezperako festa 17:00etan piztuko dute txalaparta eta adarrarekin.
Arratsaldea girotzeko haurrentzako tailerrak eta jolasak egingo dituzte plazan, eta txokolate jana ere egongo da parte hartzen dutenentzat. Kalejira egingo dute ondoren, hanka-palo eta buruhandiekin trikitilariek lagunduta.
Intxaurrondoko San Joan jaiek hainbat bereizgarritasun dituzte, eta horietako bat da Festara abesbatza herrikoia. 18:30ean elkartuko dira plazan, eta hainbat kantu eskainiko dituzte. Horien artean daude Festara, Intxaurrondo eta Ai, aizu abestiak. Azken biak auzotarrek sortu zituzten. Abesbatza osatzen dutenak ere auzotarrak dira, eta urtetik urtera partaidetza handitzen ari da. Hainbat entsegu egin dituzte igandeko kantaldiari begira, baina bada azken aukera bat ere parte hartu nahi dutenentzako. Emanaldia baino ordu erdi lehenago egingo dute azken entsegua plazan.
Sua piztu aurretik, beste hainbat jarduera antolatu dituzte. Zapatak airean kale antzerkia egingo du La Furtiva konpainiak Gabriel Zelaia plazan (19:00). Aldiz, Bernart Etxepare plazan izango dira sardina jana (20:00), Intxaurtze kantarien kontzertua (20:00) eta Estanga taldearen berbena (20:30). Azkenik, San Joan suaren unea iritsiko da. Piztu aurretik urteko mezua zein den jakinaraziko dute, ondoren sua piztu eta San Joan dantza egingo dute. Estanga taldearekin eta zezensuzkoarekin gaindituko dute gauerdia.
Intxaurrondoko festek datorren asteburuan izango dute jarraipena, baina oraingo honetan Intxaur Jaien bidez. Hilaren 28, 29 eta 30ean izango dira Sagastieder plazan, eta jaien erritmoari eusteko egitaraua prestatu dute. Besteak beste, datorren asteko ostirala DJ Bull musika jartzaileak girotuko du, larunbatean izango da Intxaurrondoko konkisa eta herri bazkaria.
Umeen eguna
Altzako Oleta auzoko festak asteartean hasi ziren ohiko pala txapelketarekin. Finalak, ordea, gaur izango dira 18:00etatik aurrera. Nolanahi ere, aurtengo jaiek auzoko txikienentzako berrikuntza bat dute: Umeen eguna. Astelehenean izango da. «Haurrek jai dutenez, erabaki dugu hainbat jarduera antolatzea beraientzako», dio Iñaki Casadok, jai batzordeko kideak. 12:00etan umeentzako lasterketa egingo dute. «Iaz garai batean egiten zen ibilbidea berreskuratu genuen, eta oso ondo aritu ziren». Jarraian, jolasak egingo dituzte bazkaldu bitarte eta ondoren. «Ginkana bat egingo dugu».
Gaurtik igandera bitarte ere jarduera ugari izango dituzte. «Gaur dira pala finalak eta gaueko kontzertuak. Bihar, sardin jana izango dugu, normalean arrakasta handiena izaten duena. Mus txapelketa, dantza erakustaldia eta Tsunami taldearen berbena ez dira faltako. Igandean gauza gutxiago izango ditugu, San Joan sua dugulako gauean. Halere, estreinako zumba saioa egingo dugu arratsaldean», azaldu du Casadok.
Lehen asteburua
Altzako San Martzialak ohiko egitarauarekin hasiko dira gaur arratsaldean. Gomazko eta larruzko pala finalak jokatuko dituzte frontoian, 19:30ean. Partaide izan direnekin afaria egingo dute Altzatarra kirol elkartean. Hain zuzen ere, beraiek dira jaien antolatzaileak.
Bihar erromeria tradizionala egingo dute Altzako baserrietan zehar, 9:00etatik aurrera. San Martzial jaien egitaraua aurkeztuko diete baserritarrei. 19:00etan sardina jana egingo dute Altzagainako plazan. Azkenik, etzi, Jubilados abesbatzaren emanaldia izango dute San Martzial parrokian. Datorren asteburuan izango dute jarraipena festek.