Inkesta: Ikasturtea amaitzear dago. Zeintzuk dira zure erronkak hemendik aurrera?
Urrats euskaltegian bukatzear da ikasturtea. Ikasleekin urte honetan ikasitakoari buruz, egindako lorpenen inguruan eta etorkizuneko erronkei buruz hitz egin dugu.
Aurten, bereziki, entzumen eta irakurmen gaitasunak garatu ditut, eta orain nire helburua jariotasuna hobetzea da. Horretarako udan ere buru-belarri jarraituko dut ikasten. Uztailean eta irailean ikastaro trinkoak egingo ditut eta abuztuan bi aste igaroko ditut barnetegi batean.
Ikasturte honetan, gehienbat, idazlanak ondo egiteko jakin behar dena ikasi dut: esaldiak ondo egiten, lokailuak, lexikoa, eta abar. Gainera, hitz egiterakoan hobekuntza ikusten dut. C1 mailaren agiria lortu nahi dut, eta aukera honetan ez badut lortzen, hurrengo deialdian saiatuko naiz.
Euskaltegiko nire erronka bakarra C1 mailaren agiria lortzea da, eta aurten gauza ugari ikasi ditut, ikasturte hasieratik eskoletara etorri ez naizen arren. Adibidez, hitz egiterako orduan konfiantza handiagoa sentitzen dut. Hala ere, oraindik hobetu beharreko gauza asko falta zaizkit.
Ikasturte hasieratik hona gauza berriak ikasi ditut. Esaterako, nabaritzen dut erraztasun handiagoa daukadala hitz egiteko, zein idazteko. Ikasten jarraitu nahi dut, baina C1 mailaren agiria lortzen badut ikasturte honetan, agian, modu lasaiagoan egingo dut. Udaran, aldiz, Tolosaldeko nire lagunekin euskara praktikatzeko asmoa daukat.
C1 mailaren agiria atera nahi dut, nire etorkizunari ate ireki gehiago izateko. Irakaslea izan nahi dut, lana non egingo dudan ez dakidan arren. Hala ere, hemen gelditu eta lana egiteko aukera izaten badut, C1 maila ezinbestekoa da eskolak emateko.
Hiru erronka nagusi ditut. Alde batetik, nire euskara hobetu nahi dut orokorrean. Bestetik, euskara gehiago hitz egin nahi dut, jende gutxirekin egiten dudalako. Azkenik, C1 mailaren agiria lortu nahi dut, Haur Hezkuntzako irakasle gisa lana aurkitzeko.
Ahozkotasuna landu behar dudala uste dut, izan ere, edozein momentuan euskaraz hitz egiteko gai izatea gustatuko litzaidake. Hori da nire erronka. Horregatik, ikasten jarraitzea gustatuko litzaidake.
C1 mailaren agiria lortu nahi dut, nire prozesuaren azken urratsa delako. Beste erronka nagusia egunero euskara edozein lekutan hitz egitea da. Saiatzen naiz, baina askotan lotsatu egiten naiz. Beraz, niretzat, lotsa eta beldurra galtzea oso garrantzitsua da!
Ikasturte honetan hainbat gauza ikasi ditut, eta hemendik aurrera euskaraz hitz egiteko ohitura hartu nahi dut. Nire ustez, euskara gero eta gutxiago hitz egiten da, ez jendeak ez duelako ikasten, dakigunok erabiltzen ez dugulako baizik.