John Zorn musikariak jasoko du aurtengo Donostia Jazzaldia saria
Uztailaren 24tik 28ra bitarteko egitarau osoa aurkeztu dute.
Jazz garaikidean izan duen eragin sakonagatik, John Zornek jasoko du 2019ko Donostiako Jazzaldia Saria. Uztailaren 28an izango da Kursaal auditorioan, eskainiko duen bigarren kontzertuaren aurretik (17:30). Bestalde, uztailaren 22tik 29ra bitarteko egitarau osoa aurkeztu dute gaur goizean. Hemen kontsulta daiteke osorik.
Musikagilea, instrumentista eta abangoardiako eszenaren katalizatzailea izan da, non balio eta eragin ikaragarriko ehunka musikari biltzen baitira. Ez dago gaur egun New Yorken egiten den jazza imajinatzerik Zornen orbitan mugitzen den musikariren batek esku hartu gabe.
Jazzaldira itzuliko da Zorn, 2013an bere Masada Marathon ikuskizunak lortutako arrakastaren ondoren. Oraingoan, Bagatelles Marathon ikuskizuna ekarriko du, arratsaldeko bi saiotan emango duena Kursaal auditorioan. Bata, uztailaren 27an izango da, eta bestea 28an.
Musika maratoi berri honetan 14 taldek parte hartuko dute Zornen The Bagatelles musika-liburu berriko 50 konposizio baino gehiagoren interpretazioan. Parte hartuko duten musikarien artean daude Mary Halvorson, Marc Ribot, Kris Davis, Julian Lage, Dave Douglas, Joey Baron, Craig Taborn, Peter Evans, John Medeski, Ikue Mori, Erik Friedlander, Mark Feldman, Sylvie Courvoisier, Kenny Wollesen, Trevor Dunn eta Zornen sormen-unibertsoa oso ongi ezagutzen duten beste hainbat.