Minduta daude zuzendaritzarekin
Claret ikastolak hilaren 28an itxiko ditu ateak, eta kalean geratuko dira 28 langileak. Azken ikasturtea gogorra izan da ikasle eta irakasleentzako.
Urtarrilean iragarri zuen Groseko Claret ikastolako zuzendaritzak ikasturtea bukatzerakoan itxiko zuela ikastetxea. Langileei iazko abenduan esan zieten, eta ordutik irtenbide duin baten alde lanean aritu dira. Gurasoek ikasleak beste zentroetan kokatzea lortu dute, baina irakasleei ez diete horrelako aukerarik eman. Hilaren 28a da azken eguna, eta abuztuaren 31n bukatuko zaie kontratua. Urtarriletik hainbat bilera egin dituzte zuzendaritzarekin, eta bereziki bi eskaera egin dizkiete. Batetik, langileak birkokatzea, eta bestetik, akordio ekonomiko duina. Duela bi aste erregulazio espedientea aurkeztu zieten.
Edurne Arrutik 26 urte daramatza irakasle gisara Claret ikastolan. Jose Luis Muñoa irakasleak, berriz, 30 urte. Euren bizitzaren zati handi bat egin dute Groseko ikastetxean, eta triste daude bizi duten egoerarekin. «25 urte baino gehiago daramatzagu hemengo proiektua babesten. Zuzendaritzak ez dakit zer nolako lan taldea uzten duen kalean. Dena eman dugu, eta orain kalera goaz», dio Arrutik. «Sentsazioa dut zeharo baztertu gaituztela. Horrenbeste urteren ondoren, zenbaki hutsak gara beraientzako», gaineratu du Muñoak.
Kontratuaren etena negoziatzerako orduan jaso duten tratuarekin ez daude gustura. «Legeak dioena jartzen dute aurretik. Hau da, legeak ezartzen duenaren gutxienekoa da ordaindu nahi digutena. Bilera batean esan genien legezkoa izateak ez duela esan nahi justua denik, ezta etikoa ere», azpimarratu du Arrutik. Claret zentroak beste bi ikastetxe ditu Iruñean eta Bilbon, eta langileak zentro horietan kokatzeko aukera berehala itxi zieten. «Gainera, ikastetxe horietan ere kaleratzeak egongo direla esan digute», adierazi du Muñoak.
Lanik gabe geratuko dira 28 langileak, eta Arrutik dio dagoeneko hasi direla aurrera begirako aukerak aztertzen. «Eskola publikoen zerrendetan gaude. Zortea izan dugu zerrendak aurten ireki dituztelako, eta puntuazio ona lortuko dugu. Arazoa da martxora arte ez dutela baremazioa egingo». Irakaskuntzan jarraitu nahi dute Arrutik eta Muñoak.
Hezkuntza eredu bakarra
Claret ikastolak 91 urteko ibilbidea beteta itxiko ditu ateak. 2016 urtera arte Mariaren Bihotza izena zuen ikastolak. «Gure eskaintza bakarra da Donostian. Ikastola euskalduna eta erlijioa uztartzen dituen eredu bakarra da», azaldu du Arrutik. Kristau eskolarekin alderatuta beste hezkuntza hitzarmen bat dute. «Betidanik sentitu dut beste erlijio eskolekin konparatuta, nortasun propioa dugula. Gainera, gure ikastolak harreman berezia landu du ikasle eta gurasoekin». Iritzi berekoa da Muñoa: «Oso gertukoa izan da beti gure ikastola. Denok ezagutzen dugu elkar».
Anekdota esanguratsu bat nabarmendu dute. Ikasleek ikastola itxiko zutela jakitean patioan manifestazioak egiten hasi ziren. «Eskaileretatik gora ere igo ziren ‘Gure ikastola, ez itxi!’ oihukatuz. Gela batzuetan ere pankartak jarri zituzten, eta oraindik ikus daitezke», adierazi du Arrutik. Azken egunak ikasleentzako gogorrak izaten ari direla diote. Kirol kamisetak sinatzeko eskatu diete irakasleei oroigarri gisara.
Espero zena eta dena
Azken urteetan matrikulazioak nabarmen egin du behera Claret ikastolan, eta langileek egoeraren berri maiz ohartarazi zieten zuzendaritzako kideei. «Galdetu digutenean iritzia eman dugu, eta proposamenak ere egin ditugu. Ordea, ekonomikoki ez zela bideragarria esaten ziguten. Zaila da ikastola bat erakargarria izatea inbertsiorik egin gabe», esan du Arrutik. «Ikastola hau ez da sekula demokratikoa izan. Neurriak eurek hartu behar zituzten, eta ez dute egin», gaineratu du Muñoak.
Egoitzaren etorkizunaren inguruan zurrumurru asko sortu direla diote. «Eraikina hotel bihurtzeko aukera edo etxebizitzak egiteko asmoa dagoela entzun dugu. Dena dela, bi edo hiru urtean ezingo dute eraikinaren erabilera lizentzia aldatu. Hortik aurrera ikusiko da zer gertatzen den».