"Nire jokoa erakutsi nahi dut frontoian"
Iñigo Bikuña (Antigua, 1998) atzelariak profesionaletan debuta egingo du. Hilaren 30ean izango da Atano III.a pilotalekuan. Aspe enpresarekin bi urterako kontratua sinatu zuen iazko irailean.
Garrantzitsua da debuta Donostian egin ahal izatea?
Bai, noski. Debuta egun berezia izango da niretzako, eta donostiarra izanik are bereziagoa izango da Donostian izatea.
Urte asko pasa dira donostiar batek azkenekoz debuta egin zuenetik profesionaletan. Juantxo Koka izan zen azkena, 1993an. Bazen garaia Donostiako beste pilotari batek debuta egiteko?
Zaila da Donostian pilotari bat ateratzea. Kirol asko ditugu hirian pilota baino ospe handiagoa dutenak. Esaterako, futbola, saskibaloia eta eskubaloia. Nire kasuan lau lagun hasi ginen pilotan, eta nik bakarrik jarraitu nuen. Beste hiruak futbolera pasa ziren. Azken batean, kirol bat gustuko baduzu txikitatik hasi eta pixkanaka bidea egiten baduzu pilotari izatera iritsi zaitezke. Dena dela, Donostian pilotariak badaude eta pilota eskolek lan ona egiten dute. Profesionaletara iristea beste kontu bat da.
Antiguako Izurun pilota eskolak ahalegin berezia egin du debuta Donostian egin dezazun, ezta?
Zortzi urte nituela hasi nintzen pilota eskolan eta egun arte eurekin egin dut bidea. Eskertzekoa da ikustea gurasoek eta eskolakoek etengabe eskaintzen didaten laguntza. Azkenean ahazten ez diren gauzak dira.
Eskolan trebatutakoa zara. Zenbatean lagundu dizute iritsi zaren lekura iristeko?
Asko zor diot eskolari, eta bereziki Jose Mari Calonge entrenatzaileari. Txikitatik nirekin etorri da partida guztietara. Bera ere pilotaria izandakoa da. Berari esker ikasi dut pilotarekin teknika, eta oraindik ere aholkuak ematen dizkit.
Jokin Altuna izango duzu alboan debutean.
Enpresako aurrelari onena da gaur egun, gainera laguna da. Oso pozik nago profesionaletako lehen eguna berarekin konpartituko dudalako. Elkarrekin entrenatu izan dugu, baina ez dugu sekula elkarrekin edo elkarren aurka jokatu.
Ezkurdia eta Tolosa izango dituzue aurrez aurre. Partida lehiatua izango da?
Zalantzarik gabe. Biak maila oneko pilotariak dira. Debuta izanik irabaztea gustatuko litzaidake. Dena dela, nire jokoa erakutsi nahi dut frontoian.
Pilotan baduzu erreferenterik?
Aurrelaria izan nintzen 16 urte bete arte, eta orduan Titin III.a gustuko nuen. Atzera pasa naizenetik Barriola erreferente bat izan da niretzako, eta gaur egun Zabaletaren jokatzeko modua gustatzen zait. Bere kolpea oso esanguratsua da eta oso gustuko dut.
Atano betetzea du helburu Izurun eskolak. Eta zuk?
Badakit eskolak 500 sarrera eskatu dituela, ni ere saiatuko naiz ahalik eta gehien saltzen. Frontoia handia da, 1.600 pertsona inguru sartzen dira. Badakit jendea joango dela partida ikustera. Gainera giro polita sortuko da pilotalekuan nire kuadrillakoak han izango direlako.