Paulo Garikano donostiarraren argazkia, CVCE-ren nazioarteko lehiaketako finalean
Club Vasco de Camping Elkarteak (CVCE) bere urteroko nazioarteko argazki lehiaketaren finalistak iragarri ditu, eta saria jaso dezaketen hamasei argazkilarien artean Paulo Garikano donostiarra dago. Garikanok Mikel Sarasola kayaklari donostiarrari Txileko Newen ur-jauzian eginiko argazkia aukeratu dute epaileek, Basoko animalia izenburua duena.
Donostiako mendizale elkartearen lehiaketaren bosgarren edizioa da aurtengoa, eta 1.500 argazki inguru jaso dituzte antolatzaileek. Hamasei finalistek aurkeztutako lanak Easo plazan aurkeztu dituzte gaur, bost kubo handirekin osaturiko erakusketa batekin.
Bihar, berriz, lehiaketako irabazlearen izena emango dute ezagutzera Antzoki Zaharrean egingo duten ekitaldian. Sari banaketaren aurretik, Mathieu Le Lay zuzendari frantsesaren In the starlight filma proiektatuko dute aretoan, lehiaketako 50 argazki onenekin batera. Ekitaldia 18:00etan hasiko da, eta 3 euroko sarrera izango du.