Donostiarrak sendo hasi du Eusko Label liga
Bi jardunaldi jokatuta sailkapen nagusiko hirugarren postuan dago Donostiako trainerua.
Bigarren denborarik onena egin du Donostiarrak gaur goizean Zierbenan jokaturiko estropadan. Eusko Label ligako bigarren jardunaldian maila oso ona eman du Donostiako traineruak. Bigarren txandan onenak izan dira 19 minutu eta 29 segundoko denborarekin. Ohorezko txandan Oriok soilik lortu du denbora hori gainditzea (19:25).
Asteburua biribildu dute donostiarrek. Bi jardunaldi jokatuta sailkapen nagusiko hirugarren postuan daude 18 punturekin. Izan ere, atzo Bilboko X. banderan seigarren sailkatu ziren erlojuaren kontrako saioan. Gaur itsasoan maila hobea eman dute Igor Makazaga entrenatzaileak gidatutako mutilek. Bestalde, patroi onenaren sailkapenean Donostiarra taldeko Arkaitz Diaz patroia dago lehen postuan lau punturekin.
KAE 1 ligan, Donostiarraren bigarren taldea hirugarren izan zen atzo Donibane Lohitzuneko estropadan. Sailkapen nagusian ere hirugarren postuan daude hiru jardunaldi jokatuta.