Errefuxiatuen aldeko ekintza egin dute Kontxako hondartzan
Gobernuz kanpoko 23 erakundek deituta errefuxiatuen aldeko ekintza egin dute Kontxa hondartzan. “Giza eskubideak erreskatatzeko garaia da”, aldarrikatu dute, besteak beste, Amnesty Internationalek, Zaporeak proiektuak eta SOS Arrazakeriak, eta Aita Mari eta Open Arms ontziei lanerako baimena emateko eskatu diete erakundeei.
Antolatzaileek salatu dute Espaniarako bidean 159 iheslari hil direla urtea hasi zenetik. “Ezer ez egitea Mediterraneoan jende gehiago hiltzen uztea litzateke”, salatu dute. Gobernuz kanpoko erakundeek ez ezik, giza eskubideen aldeko abokatu talde batek ere kritikatu ditu Europako Batasunaren migrazio politikak. Ekainaren hasieran jarri zuten salaketa Nazioarteko Justizia Auzitegian EBko buruzagiei “gizateriaren aurkako krimenak” egitea leporatuz.
Hurrengo astean iritsiko da Pasaiko portura Aita Mari itsasontzia, hainbat astez Grezian errefuxiatuei osasun arreta eskaintzen aritu ostean. Ez zen hori bidaiako antolatzaileen lehen helburua, itsasoan noraezean zeuden iheslariei laguntzea baizik, baina Espainiak ukatu egin zion horretarako baimena.