Naturaren ahalmena transmititzea du helburu 'Ur Aitz' erakusketak
Donostiako Aquariumak pasa den astean inauguratu zuen Jon Cazenave artistaren Ur Aitz erakusketa. Irailaren 21era bitarte ikusi ahal izango da T aretoan.
Erika Goiarrolak erakusketaren inguruko testua idatzi du: “Zeharkatzearen, ibiltzearen eta behatzearen esperientziatik abiatuta hurbiltzen da Cazenave naturara, forma eta zeinu txikiei erreparatzean, eta haietan oinarrituta lan egiten du baliabide fotografikoa eta interbentzio piktorikoa bat eginez. Barnea eta kanpoa, oraina eta lehena, hauskortasuna eta sendotasuna elkartu egiten dira, naturaren ahalmena transmititzea lortzen duen hizkuntza bati esker”.