Belartzako harri pilaketa legez kanpokoa izan zela ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak
Donostiako Hirigintza sailak VUSA eraikuntza enpresari emandako lizentzia baliogabetzen du epaiak. Era berean, harriak eremutik erretiratu behar direla dio auzitegiak.
Duela hiru urte Mercadona eraikitzeko harri pilaketak egin zituzten Añorgako Belartza Goikoa eremuan. Donostiako Udalak lurrak mugitzeko emandako baimena “legez kanpokoa” zela adierazi zuen Belartza 2 Gelditu plataformak, eta Haritzalde Naturzaleen Elkarteak helegite bat jarri zuen epaitegietan. EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio elkarteari, eta ebatzi du harri pilaketa ilegala izan zela.
Donostiako Hirigintza sailak VUSA eraikuntza enpresari emandako lizentzia baliogabetzen du epaiak. Era berean, harriak eremutik erretiratu behar direla dio auzitegiak. Epaiaren ondorioak azaltzeko agerraldia egingo du Haritzaldek, bihar goizean. Azalpenak ez ezik, erantzukizunak ere eskatuko dituzte.
Baimenik gabe
2016ko apirilean hasi zituzten Mercadona egiteko lanak, eta orduan pilatu zuten obrako arduradunek handik ateratako materiala Belartza Goikoa izeneko eremu naturalean. Lan horiek “inolako baimenik gabe” egin zirela salatu zuten Belartza 2 Gelditu plataformakoek, eta 7 metroko altuera eta 4 hektareaako azalera hartu zuen.
Salaketek ez zuten eraginik izan prentsaurreko bat eman zuten arte; horrela, bizilagunek agerraldia egin eta bi egunera udalak baimena eman zion eraikuntza enpresari pilaketak egin zitzan, baina epe jakin bat igarotzean kentzekotan. 2018ko martxoan egindako agerraldi batean enpresaren jarrera salatu zuen plataformak: “Denbora pasa da eta materialak hor jarraitzen du, eta udalak 4.000 euroko isuna jarri die. Hala ere, hori ez da okerrena, enpresak onartu baitu dena nahita egin zutela legez kanpo, bizilagunekin joan den astean izandako bileran”.
Iazko martxoan Belartzako aferaren inguruko erreportajea argitaratu zuen IRUTXULOKO HITZAk.