Enrique Ramos kargugabetzeko eskatu dute Belartzako epaiarengatik
Haritzaldek eta Belartza 2 Gelditu plataformak agerraldia egin dute. Azken hiru urteetan Belartzan izan diren "irregulartasun eta ilegaltasunen" kronologia eskaini dute.
EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du Belartzan egindako harri pilaketa eta isurketa legez kanpokoa dela. Haritzalde Naturzaleen Elkarteak Donostiako Udalari jarritako salaketa aintzat hartu zuen, eta epaiak arrazoia eman die. Haritzaldek eta Belartza 2 Gelditu plataformak agerraldia egin dute gaur goizean udaletxean.
Epaiaren ondorioak azaltzearekin batera, erantzukizunak eskatu dituzte. Zehazki, Enrique Ramos zinegotzia kargugabetzeko eskatu diote Eneko Goia alkateari. Duela hiru urte Belartza Goikoa eremuan isurketak eta harri pilaketak egin zirenean, Hirigintza zinegotzia zen Ramos. Legealdi berrian Ekologia zinegotzi izendatu dute, eta hori “onartezina” dela adierazi dute. Bestalde, Fiskaltzarekin harremanetan jarri dira gertatutakoak zigorrik izan dezakeen jakiteko, eta ardurak argitzeko udalari eskatu diote ikerketa batzorde bat egiteko.
Eli Azpillaga Belartza 2 Gelditu plataformako kideak eta Xabier Rubio Haritzaldeko kideak azken hiru urteetan Belartzan izan diren “irregulartasun eta ilegaltasunen” kronologia egin dute. 2016ko apirilaren lehen astetik Belartzako harrobi zaharrean –Mercadona eta McDonalds eraiki ziren gunea– eta Belartza Goikoa eremuan eman ziren lanak eta “jarduera ilegalak” salatu izan dituztela nabarmendu dute.
“Harrobiko hondeaketatik ateratako kutsatutako lur, harri eta materialak Belartza Goiko eremuko belazean pilatzen hasi ziren obra-sustatzaileak udalaren lizentzia edo baimenik gabe”, azaldu du Rubiok. Añorgako bizilagunek eta talde ekologistek salaketa ugari egin zituzten, eta prentsaurreko bat eskaini arte udalak ez zuen neurririk hartu. “Korrika eta presaka baimena eman zioten VUSA enpresari harri pilaketa egiteko”. Legeari jarraituz materialak baimendutako hondakindegi batera eraman ez ezik, “lur kutsatu horiek erabiltzen utzi dio udalak enpresari eta dirua egin dute horrekin”.
120.000 metro koadroko “isurketa ilegalarengatik” 6.000 euroko zigor “minimoa” ezarri zion udalak enpresari 2016ko ekainean. Bi urte luzeren ondoren, Haritzaldek salatu zuen materialek Belartza Goikoan jarraitzen zutela. Hala, udalak iazko urtarrilean zigor espedientea ireki zion espedientea enpresari eremua ez hustutzeagatik eta lehengoratzeagatik. Gaur egun, eremuak berdin jarraitzen du.