Hiriko hainbat zonaldetako bankuak margotzeko kanpaina abian jarri dute
Uda denboraldiari begira, Alderdi Ederreko bankuak margotu ditu Donostiako Udalak. Marisol Garmendia Gune Publikoetako zinegotziak azaldu duenez, bankuek “itxura ona izatea nahi dute”, izan ere, “itxusi jartzen dira eguraldi txarrarekin eta hegaztien gorotzekin”.
Horrekin batera, hurrengo egunetan beste zonalde batzuetako bankuak ere margotuko dituztela azaldu du udalak: Kontxa pasealekukoak, Artzain Onekoak eta Easo plazakoak, hain justu. Hiriko altzariak margotzeko kanpaina duela hilabete batzuk jarri zuen martxan udalak eta hainbat zonaldetan jardun du jada: Otxoki parkean, Oroimenaren Lorategian, Gabriel Aresti kalean, Ekuatore Ginea plazan, Bulebarreko eta Hernani kaleko jardinera metalikoetan, Intxaurrondoko Mons pasealekuan, Altzako Harria parkean, Zurriola hondartzako baranda zurian eta hainbat ikastola eta ikastetxe publikotan, hain zuzen.