Salbuespenezko garaia da
Udaltzainak eta mugikortasuneko agenteak kontratatzen ari da udala udarako. LAB sindikatuak salatu du ez dietela euskaraz jakitea eskatuko. Udalak arrazoia azaldu du.

Udan zehar udaltzain eta mugikortasun agente lanetan aritzeko kontratazioa abian jarri du Donostiako Udalak. Lanpostuetarako euskaraz jakitea ez da beharrezkoa izango, LAB sindikatuak salatu duenez. Udalak dio hori ez dela egia, eta premiazko egoera batek sorturiko salbuespena dela II. Hizkuntza Eskakizuna ez duten mugikortasun agenteak kontratatzea.
«Lan poltsan ez dago udako beharrei erantzuteko nahikoa agente», azaldu du Jon Insausti Euskara zinegotziak. LABen ustez udalaren «aurreikuspen faltak» eragindako egoera da. «Udalaren erabakia euskararen normalizazioaren kontrakoa izan da». Dena dela, udalari «presazkoa eta premiazkoa» iruditu zaio zerbitzu hori eskaintzea. «Bagenekien kasu gutxi izango zirela eta epe laburreko salbuespena izango dela. Horregatik onartu dugu», dio Insaustik.
Dagoeneko kontratatu diren edo kontratazio prozesuan dauden pertsonak 87 dira, udaleko iturrien arabera. Horietatik 67 dira udaltzainak eta guztiek betetzen dute II. Hizkuntza Eskakizuna. Aldiz, 20 dira mugikortasun agenteak; zortzi agentek betetzen dute euskara eskakizuna, hiru agentek I. Hizkuntza Eskakizuna dute eta bederatzi agentek ez dute hizkuntza eskakizunik baieztatu.
«Aurtengo beharrak handiagoak dira. Behar horiei erantzuteko lan poltsara jotzen du udalak, eta lan poltsan hizkuntza eskakizuna duten pertsonak hautatzen dira. Pertsona horiekin behar guztiei erantzuterik ez balego, zerbitzu hori ez eskaintzeak izango lituzkeen ondorioen larritasuna neurtzen da, eta horren arabera erabakitzen da salbuspeneko txostena bideragarria den», azaldu du Insaustik.
Nahikoa agente ez dagoenez, Euskara Zerbitzuak salbuespen txosten bat egin zuen. Euskararen 6. Plangintza aldiak jasotzen duenez, epe mugatu baterako kontratatu ahal izango dira udarako «hizkuntza eskakizuna egiaztatuta ez duten udaltzain eta mugikortasun agenteak, salbuespen modura eta beste aukerarik ez badago». LABen ustez «ulertezina» da Euskara Zerbitzuaren erabakia. «Kontratazioa egiterakoan euskararen ezagutza bermatuko ez duen proposamenaren alde jo dute».
Sindikatuen iritzia
Eneko Goiak ez du Euskara Batzorde Teknikoaren bilerarik deitu, eta sindikatuei iritzia posta elektroniko bidez eskatu dietela dio LABek. «Ez dugu uste jokabide zuzena izan denik. Lau sindikatuetatik hiruk, ELAk, ERNEk eta guk txostenaren aurkako botoa eman dugu eta CCOO izan da aldeko bozka eman duen bakarra». Adostasunik ezean, erabakiak gehiengoz hartuko direla aurreikusten da, eta CCOO sindikatuak zortzi ordezkarietatik bost dituenez, ontzat eman dute txostena. Horrela, aurrera atera da kontratazioa. Uda oro antzeko beharra gertatzen denez, udalak beste lan poltsa bat abian jartzea «ezinbestekotzat» jotzen du.