Norberak proposatu, norberak egin
Jarduera jakin batek baino, gaur egun Igeldoko San Pedro jaiak antolatzeko erak ezaugarritzen ditu. Azken urteetan saiakera berezia egin da ahalik eta parte hartzaileenak izan daitezen. Orain arteko funtzionatzeko moduarekin hautsi eta jaiak hankaz gora jarri dira.
Emaitzak pixkanaka datoz, baina bide onean doazela uste dute. Herritarrek gustuko dituzten jarduerak antolatzeko aukera dute, ia mugarik gabe. Beraiek proposatu eta beraiek egin. Beti ere, Jai Batzordearen oniritziarekin. Hortik sortu dira, besteak beste, arrokako arrantza lehiaketa, argazkian nabarmendutako umore horia txapelketa bihurria, oliba jaitsiera, moda desfilea, tira-txina lehiaketaeta suartifizialak.
Eta hori guztia herriko plazako erromerien xarma galdu gabe. Izan ere, ez dute ahazten Igeldon ohitura zaharrek ere bizirik dirautela eta jarduera horiek ere beren lekua behar dutela: eskeak, demak, herri kirolak… Beraz, Igeldoko festek ohitura zaharrak eta joera berriak uztartzen dituzte, kanpoko eta bertakoentzat guztiz irekiak izanik.