Egian gora, Egian behera
Egiako Porrontxo jaietako kuadrillen igoera. (Argazkia: Egiako jai batzordea) Egiako Porrontxo jaietako antolatzaileek ez dute zalantzarik zein den festetako jarduerarik garrantzitsuena: Kuadrillen igoera eta jaitsiera. Jaiak irailean izan ohi dira, eta ostegun batez hasten dira; orduan egiten dute urtero kuadrillen igoera edo jaitsiera. Urtez urte tartekatu egiten dituzte bi jarduera horiek; hain zuzen, urte batean Egiako behealdetik auzoaren goialdera igotzen dira auzoko kuadrilla guztiak, eta hurrengoan alderantzizko ibilbidea egiten dute, goitik behera.
Aurten, hala ere, iragarri dute tradizioari traizio egitea erabaki dutela, eta jaitsie- raren txanda bada ere, igoera errepikatuko dutela, iaz bezala. Arrazoia pisuzkoa da: Gladys del Estalen heriotzaren 40. urteurrena da aurten, eta hori dela eta sorpresa berezi bat prestatu dute herritarren artean Gladys-Enea gisa ezagutzen den parkearen inguruan. Ondoren ohiko igoera egingo dute.
Bide motzagoa duen beste jarduera bat ere azpimarratu dute: Enduro mendi lasterketa urbanoa. Jaietako ostiral iluntzean egin ohi dute, eta aurten hirugarrenez egingo dute. Urteak joan ahala gero eta jende gehiagok parte hartzen duela azaldu dute, eta antolatzaileen ustez jaien erpinetako bat bihurtzen ari da.

