"Kontxako hondartza ez da bi egunez itxiko"
Woody Allen zinemagilea datorren astean hasiko da Donostian film berria grabatzen. Hirian eragingo dituen afekzioen berri ekoizpen etxeak emango du hurrengo aste hasieran. Dena dela, Eneko Goia alkateak xehetasun batzuk aurreratu ditu Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan.
“Kontxako hondartza ez da bi egunez itxiko, hainbat hedabidek hori zabaldu badute ere”, azaldu du Goiak. Hondartzako grabazioetarako itxitura “partzialak” egingo direla gaineratu du. Hilaren 10ean hasiko ditu grabaketak Allenek, eta abuztuaren 23ra bitarte iraungo dute.
Bestalde, alkateak baieztatu du Donostiako leku hainbatetan egingo dituzela grabazioak zinemagile estatubatuarrak. “Lokalizazio asko daude, eta horietako gehienak Erdialdean dira”.
Donostiako Zinemaldian girotutako komedia erromantikoa izango da Allenen film berria. Bikote protagonista Cristoph Waltz eta Elena Anaya aktoreek osatzen dute, eta beste hainbat aktore ezagunek ere parte hartuko dute pelikulan: Louis Garrel, Gina Gershon, Sergi Lopez eta Wally Shawn, besteak beste.