Artikutza udan bisitatzeko lau aukera
Donostiako Udalak eskaintzen duen Artikutza Natura programaren barruan lau bisita gidatu antolatu dituzte udarako. Uztailaren 14an eta 21ean eta abuztuaren 4an eta 11n izango dira. Bisita gidatua egiteko erreserba egin behar da bisita egunaren aurreko ostirala baino lehen.
Hilaren 14an Gozaringo burdinola bisitatuko dute (8 kilometrokoa). Uztailaren 21ean, berriz, Mintegixarreko bidea egingo dute hagin zaharrak eta trenbidea bisitatuz (10 kilometro ingurukoa). Abuztuaren 4an Elizmendiko bidea egingo dute (6 kilometro ingurukoa), eta azkenik, abuztuaren 11n Urdallueko bidean barrena ibiliko dira (6,5 kilometrokoa). Bisita guztiak goizeko 9:15ean hasiko dira Eskaseko atezaindegiko aparkalekutik, eta 13:30 inguruan bukatuko dira.
Erreserbak egiteko artikutzanatura@donostia.eus posta elektronikora edo 620 337 875 telefonora hots egin behar da –astelehenetik ostegunera, 11:00etatik 16:00etara–. Sarrerari dagokionez, 6 eta 16 urte bitartekoek 2,09 euro ordaindu beharko dute pertsonako, eta 16 urtetik gorakoek 3,14 euro pertsonako. Egunean bertan ordaindu behar da eskudirutan.