'Kearen artxibogileak' erakusketaren azken egunak

Ostiral honetan amaituko da Kearen artxibogileak erakusketa, hilaren 5ean. Tabakalera tabako-fabrika zeneko memoria berreskuratzeko ekimenetik sortutako erakusketa urtebetez egon da ikusgai. Besteak beste, zigarrogileek erabilitako jantziak, Ducados kartoietan idatzitako errezetak eta orduko nominak erakutsi dituzte Tabakalerako 0. solairuko Soto aretoan. Joan den urtean erreportaje batean bildu zituen IRUTXULOKO HITZAK erakusketaren eta zigarrogile ohien ingurukoak.
Erakusketa agurtzeko zigarrogile ohiek eta Tabakalerako oraingo langileek gidatutako bi bisita egingo dira. Azken egunean izango dira, uztailaren 5ean, goizeko 11:00etan eta arratsaldeko 17:00etan. Bisita gidatuen taldeak dagoeneko bete diren arren itxaron zerrenda zabaldu dute. Nahi duenak hezkuntza@tabakalera.eu helbidera idatz dezake honako datu hauek adieraziz: izen-abizenak, e-posta, telefonoa, posta kodea eta jaiotze data. Tabakalerako 0. solairuan dagoen Sototik abiatuko eta eraikinean barrena garatuko dira bisita gidatuak. Proiekzioak eta proiektuaren harira artxibatutako materialak eta gauza ez-materialak erakutsiko dituzte, eraikinaren iragana eta oraina elkartzeko gakoak eskainiz.
Erakusketaren itxiera ekitaldia 19:00etan izango da Sotoan, zigarrogile ohien eta Tabakalerako ordezkarien eskutik. Luntxa egongo da gero.