Klimaren aldeko konpromisoa hiru auzotan landu du udalak
Donostiako Udalak Karbono EZtatu zaitez!, ez da gutxi eta… proiektuarekin bat egin du azken hilabeteetan. Altza, Ategorrieta eta Egiako adineko hainbat auzotarrek klimaren inguruan hitz egin eta taldean lan egin dute. Duela bi urte Santiago de Compostelan (Galizia) abian jarri zen egitasmo bat da.
“Helburua da klima aldaketari deskarbonizazio bidez aurre egiteko prest dauden pertsonak antolatzea eta laguntzea, karbono igorpen txikiagoko gizarteratze trantsizio ekologikoa errazteko”, azaldu du Enrique Ramos Ekologia zinegotziak.
Urtarriletik aurrera, Santiagoko Concello-arekin, Santiago de Compostelako Unibertsitateko (USC) Pedagogia Sozialaren eta Ingurumen Hezkuntzaren Ikerketa Taldearekin (SEPA), Cristina Enea Fundazioarekin eta Donostiako Udalarekin , 11 talde dinamizatu dituzte, guztira: zortzi Santiagon eta hiru Donostian.
Elkartze hauetan adineko pertsonek klima aldaketaren eragileak eta ondorioak aztertu dituzte. Baita ere, egunerokotasunetik horri aurre egiteko zer egin dezaketen. Lan horren ondorioz, hainbat jarduera eta lantegi antolatu dituzte: okintza, kosmetika naturala, sendabelarrak eta horma irudi bat egitea.

