Mendebaldeko Saharako gazte talde batek hitzaldia egingo du, giza eskubideen urraketak salatzeko
Gazte saharar ekintzaile talde bat bira bat egiten ari da Europako hainbat hiritan, Mendebaldeko Saharan gertatzen diren giza eskubideen urraketen berri emateko. Hala nola, Genevan, Gasteizen, Donostian, Bilbon eta Madrilen izango dira. Gure hirira, datorren astelehenean, uztailaren 8an, iritsiko dira, eta hitzaldia egingo dute Udal Liburutegi Nagusiko Kriptan.
19:00etan hasiko da Giza eskubideen ameskeria: Saharako gazteria eta Mendebaldeko Saharako okupazioa hitzaldia, eta honako ekintzaileek hartuko dute parte: Abdeslam Omar AFAPREDESA Preso eta Desagertu Sahararren Senideen Elkarteko presidenteak; Mahmoud Lemaadel Lurralde Okupatuetako ekintzaile eta kazetari sahararrak; eta Menha Bouad Arjeliako errefuxiatuen kanpamentuetako ekintzailea eta giza eskubideen formatzaileak.
Solasaldia SEADen Lagunen Elkarteak eta Mundubat Fundazioak antolatu dute, eta solasaldiaz gain, Kavita Kapur ikerlariak hitzaldiaren izen bereko txostena aurkeztuko du era laburrean. Dokumentuan gazte sahararrekin egindako elkarrizketetatik ateratako aurkikuntzak eta gomendioak jaso ditu, eta Mundubat Fundazioak plataforma interaktibo bat sortu du gazte sahararrek kontatutako giza eskubideen urraketen istorioak ezagutzeko. Plataforma eskuragarri egongo da gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez www.saharaconderechos.org webgunean.