Aldaketa San Martin kaleko zirkulazioan
Datorren asteko erdialdetik aurrera ezin izango da San Martin kaletik Hondarribia kalera doan biraketa egin. Donostiako Udaleko Mugikortasun eta Garraio sailak prentsa-ohar bidez adierazi duenez uztailaren 9tik edo 10etik aurrera sartuko da indarrean aldaketa eta ordutik aurrera ezin izango da San Martin kaletik Hondarribia kalera igaro. Aldaketaren lehen egunetan mugikortasun agenteek adieraziko dute debekua. Dena dela, seinalez ere adierazita dago dagoeneko.
Askatasunaren Hiribidera edo Boulevardera doanak Foruen Pasealekuraino eta Argentinako Errepublikaren Pasealekuraino jarraitu beharko du, hurrenez hurren. Hondarribia kalera, aldiz, Prim kaletik sartu beharko da.
Pilar Arana Mugikortasun eta Garraio zinegotziak prentsa-ohar berean zehaztu duenez, Easo kalearen itxieraren ondoren trafiko asko bidegurutze horretara lekualdatu da eta 30eko abiadura-muga duen kale batean pilatzen den auto kopuru handia murriztea da neurri hau hartzeko arrazoi nagusia. Izan ere, inguru horretako trafikoa dentsitate handikoa izan ohi da, udako hilabeteetan batez ere.
Hirira datozeinei autoa aldirietako aparkalekuetan utzi eta garraio publikoa erabiltzea gomendatzen die Mugikortasun eta Garraio sailak.