Herrerako puntu kritikoak hobetzeko bilera informatiboa egingo dute
Datorren asteazkenean, uztailaren 10ean, egingo dute bilera San Luis Gonzaga plazako Herrera Kirol Elkartearen lokalean, 19:15ean. Donostiako Udalaren iazko partaidetzazko aurrekontuetan aurkeztu zuten Herrerako puntu kritikoak hobetzeko proposamena, eta San Luis Gonzaga plazako eta N-1 errepidearen eta trenbidearen azpiko zonaldea hobetzea du helburu. Proposamenean, pasabideak edertzeko eta eragiten dituzten arriskuak kentzeko eskatu zuten bizilagunek, haien arabera, “toki mehatxatzaileak eta erasoak izateko aproposak” baitira. Aldeko 386 boto lortu zituen proposamenak, definizio fasean dago eta 100.000 euroko aurrekontua du.
Partaidetzazko aurrekontuen barruan beste hainbat proiektu daude, gehienak definizio fasean. Ekialdeko Barrutian (Altza, Bidebieta eta Intxaurrondo) bederatzi proiektu daude sartuta aurrekontuetan, eta gainontzeko hirian hamasei proiektu. Bakoitzak sei fase igaro behar ditu: Aurrekontu barruan egotea (denak hasieratik hor daude), definizio fasea, Gobernu Batzordean onartua izatea, lizitazio fasea, exekuzio fasea eta gauzatua egotea. Partaidetzazko aurrekontuetako proiektu guztiak eta bakoitzaren egoera Donostiako Udalaren webgunean kontsultatu daitezke.