'Ozeana. 6 begirada artistiko' erakusketa estreinatu dute Euskal Itsas Museoan
Gaurtik irailaren 29ra arte ikusgai egongo da Ozeana. 6 begirada artistiko erakusketa Kaiko Euskal Itsas Museoko ganbaran. Sei artista garaikidek itsasoarekiko duten ikuspegia islatu dute euren eskulturetan, batzuk zehazki erakusketa honetarako sortuak, eta denak ikusi ahal izango dira erakusketan.
Teknika desberdinak erabiliz egin dituzte obrak Guillermo Olmo (Arboleda, 1960), Maria Cueto (Aviles, 1960), Marijose Rekalde (Sartaguda, 1964), Dora Salazar (Altsasu, 1963), Gotzon Huegun (Lasarte, 1972) eta Regis Pochelu (Hazparne, 1970) artistek. Asteartetik larunbatera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara egongo da zabalik erakusketa, eta igande eta jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara (uda garaian arratsaldez baita ere). Astelehenetan itxita egongo da. Hiru eurokoa izango da sarrera orokorren prezioa eta 1,50 eurokoa sarrera murriztuena.