Zinema kritika: 'Mid 90s'
Jonah Hillek zuzendu duen lehen filma da Mid 90s. 50 film baino gehiagotan ikusi dugu Ameriketako Estatu Batuetako komiko ospetsua aktore lanetan – Oscar sarietarako dagoeneko bi alditan proposatu dute Moneyball (2011) eta The Wolf of Wall Street (2013) pelikulekin –, eta produktore eta gidoilari lanetan ere aritu da. Hala ere, ustekabean harrapatu nau aurkeztu berri duen opera primak. Torontoko zinemaldian estreinatu zuen laudorio ugari jaso dituen lana: nerabe baten heldutasunerako bidearen istorioa eta, aldi berean, 90eko hamarkadako Los Angeles hiriaren erretratu soziala.
Etxeko egoera ezegonkorretik ihesi, Stevie, hamahiru urteko nerabea, skate-denda batean ezagutzen duen lagun-talde bateko kide izaten ahaleginduko da. Bera baino helduagoak diren lagun horien eskutik, skate kulturan murgilduko da, eta berarentzat guztiz berria den mundu bat ezagutuko du. Iragana alde batera utzita, orainari probetxua aterako dio bere etorkizuna hondatzen duen bitartean. Etxetik kanpo, sexuz, drogaz eta skatez beteriko udaz gozatzen duen bitartean, etxean urrun sentituko dituen amaren eta anaia oldarkorraren jarrerak jasan beharko ditu.
Bistan da Jonah Hill gaztetan skatean ibiltzen zela, eta bai auzoa eta baita giroa ere gertutik ezagutzen dituela, Mid 90s bideoklip estetika duen film autobiografikoa baita. Kids eta Lady Bird burura etortzen bazaizkit ere, film honek baditu berezi egiten duten ezaugarri asko: skater kuadrillako aktore hasiberrien antzezpenak guztiz errealistak dira, sentsibilitate handikoak (Sunny Suljic gaztearen lana da aipagarriena), 16mm-tan filmatutako irudiek eta kolore apalek iragana gogora ekartzen digute, eta muntaia ere berezia da, erritmo erabat desberdinak baitaude istorioan zehar. Eta nostalgikoentzat, soinu-banda aitzakia nahikoa litzateke filmaz gozatzeko, mixtape autentiko batek osatzen baitu, besteak beste, GZa, Nirvana, Morrisey, WuTang Clan eta Notorius BIGek.
Udako egun euritsu hauetan Trueban sartu eta 90eko hamarkadako Los Angelesen opor motz batzuk pasatzeko aukera ezin hobea eskaintzen digu Jonah Hillek. Eta zer esanik ez, aurrerantzean gertutik jarraituko dugu zuzendari hasiberriaren ibilbidea, film umil eta berdingabea baita Mid 90s.