68 ekitaldi jaia denontzat egiteko
Larunbatean hasiko dira Añorgako Karmengo jaiak, ekitaldiz beterik datorren egitarau zabal bezain zainduarekin. Zementonen jaitsierarekin abiatuko dute festa, eta uztailaren 16ra bitarte luzatuko dute.
Jaiak antolatzerako orduan ez zaie eskarmenturik falta Añorgakoei, eta auzoko hainbat eragileren laguntzarekin, mota askotariko jardueraz osaturiko egitarau zabala osatzen dute urtero. Aurten, esaterako, 68 ekitaldi egingo dituzte jaietan zehar, zortzi egunetan banaturik: kuadrillen eguna, jubilatuen eguna, sorpresa eguna, umeen eguna, gaupasa eguna, Añorgako Kirol Elkartearen eguna, Karmen bezpera eta Karmen eguna.
Festa goizean goizetik hasiko dute larunbatean, zortziretan, baserriz baserri doazen oilasko biltzaileen ibilaldiarekin. Jaietan zehar, ordea, dena ez da goiz jaikitzea izango, gauetarako kontzertu sorta ederra ere antolatu baitute Añorgako gazteek. Besteak beste, Rukula (Uztailak 6), Ttun Ttun Brigade (Uztailak 12) eta Arkada Social (Uztailak 13) taldeak pasako dira aurten gaztetxeko eta plazako oholtzetatik.
Horren parrandazaleak ez direnentzat, berriz, kirol eskaintza zabala du ere egitarauak: VII. Herri Krosa, frontenis eta pilota txapelketak, karabina tiro txapelketa, bolo tiraketa… Zaila izango da, ordea, domina bat eskuratzea, Añorgan oso lehiakorrak baitira herritarrak. Ikusi besterik ez dago uztailaren 15erako antolatu duten herri kirol desafioa: egun horretan, 40 urtetik gorako bizilagunak adin horretatik beherakoen aurka neurtuko dira, zirrara handikoa espero den lehiaketa herrikoian.
Hori guztiaz gain, gastronomia lehiaketak, herri bazkariak, haurrentzako jolasak, mozorro festa, dantza emanaldiak, ginkana, ikuskizunak, zezensuzkoak eta galtzontzillo eta kulero lasterketa bat ere izango dituzte uztailaren 16ra bitarte. Herritar guztientzako planak eta aspertzeko une bat bera ere ez, hortaz, urtero bezain indartsu datozen Añorgako jaietan