Esklerosi anizkoitzaren aurkako bainu jendetsu bat egingo dute hurrengo asteburuan
Ademgi Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteak antolatuta, datorren asteko igandean, hilaren 14an, XXII. esklerosi anizkoitzaren aurkako kanpaina egingo dute, eta ekitaldi nagusia Donostiako Kontxako hondartzan izango da, 12:00etan. Erlojuen parean bainatuko dira hainbat politikari eta pertsona ezagun, eta herritarrek ere uretan sartzeko aukera izango dute. Zurriolan eta Ondarretan ere bainu solidarioak egingo dituzte, eta baita Azpeitian, Errenterian, Hondarribian, Legazpin, Oñatin, Ordizian, Urretxun, Zarautzen eta Zumaian ere. Uretan sartzeaz gain, herritarrek dohaintzak egin ahal izano dituzte, eta baita elkartearen materiala erosi ere.
Kanpaina hau elkartearen finantziazio iturri garrantzitsu bat da, gaixotasuna duten pertsonei eskaintzen dizkieten fisioterapia eta logopedia zerbitzuak sustatzeko, batez ere. Esklerosi anizkoitzaren inguruan gizartea kontzientziatzea garrantzitsua dela deritzote Ademgiko kideek, Gipuzkoan 750 pertsona ari baitira gaixotasun hori jasaten, 2.500 Gipuzkoa, Bizkai eta Araba kontuan hartuz gero, 47.000 Espainiako estatuan, 700.000 Europan eta 2,5 milioi mundu osoan. Gainera, esklerosia duten hiru pertsonatatik bi emakumeak dira.