"Futbola jardun erlijiosoaren parekoa bihurtu dela uste dut"
‘Derbia’ eleberri bihurriarekin itzuli da nobelagintzara Joan Mari Irigoien (Altza, 1948). Futbolaren inguruko kontakizun umoretsu bat idazteko gogoa zuen.
Azken urtetan lan gutxiago argitaratu dituen arren, idazteko gogoari eusten dio Irigoienek. Bestalde, 30 urte bete ditu ‘Babilonia’ bere nobela arrakastatsuak.
Zer moduz zaude?
Azken bolada honetan, jende asko hurbiltzen zait esklerosiaren kontu horrekin, eta nik, haiei ematen diedan erantzunarekin erantzungo dizut: ‘Hilzorian nago. Bestela, ondo’.
Zerk bultzatu zaitu futbolzaleen xelebrekerien inguruko istorio bat kontatzera?
Ni futbolean ere aritu naiz, badakizu. Are gehiago, nobelaxka bat ere idatzi nuen, bere garaian, gazte jendearentzat: Odolean neraman. Funtsean, istorio serio bat da, borroka latz baten gorabeherak erakusten dituena, drogak-eta tartean. Aldi berean, baina, futbolaren munduak bere alderdi komikoa ere badu, eta beti izan dut buruan alde barregarri hori islatzeko eta garatzeko gogoa: desira horren fruitua da, beraz, Derbia.
Reala eta Athleticen arteko lehiari umore kutsua eman nahi izan diozu?
Bai. Halere, gure gizartean, futbola, gaur egun, jardun erlijiosoaren parekoa bihurtu dela uste dut. Idazle bati, idazle athleticzale edo realzale bati bereziki, gure kasuan, arrisku bizia eragin diezaiokena. Gogoratu, bestela, munduan izan diren Torquemada guztien mespretxuak eta madarikazioak: anathema sit! Ea abentura-desbentura hauetatik osorik ateratzen garen.
Azalean ageri diren txakurra eta katua ezin aproposagoak dira.
Athleticzaleek, maskota gisa, katua erosten dute, bai, eta realzaleek, biharamunean, logikoa den bezala, katuaren etsai naturala erosten dute: txakurra.
Bi bikote protagonistak topa daitezke San Mames berri eta Anoeta berrituan?
Gutxi izango badira ere, izango dira, bai, jarraitzaile sutsu horietako batzuk, hala San Mames berrian, nola Anoeta berrituan.
Dena dela, futbol zaletasunak sortzen duen itsutasunaren gainetik dago bizitza?
Gure kasuan, ordea, bi bikoteek beren koloreak dituzte bizi esperientziarik goren. Batzuk zuri-gorri muturrekoak dira, eta kolore horiek transmititzen dizkieten emozio bortitzen bidez aurkitzen diote bizitzari zinezko zentzua, orduz ordu, minutuz minutu eta segundoz segundo aurkitu ere. Besteak txuri-urdin muturrekoak dira, eta kolore hauen konbinazio magiko-mistikoetan aurkitzen dute beren zerua, eta beren infernua, eta beren guztia, jakina.
Futbolzalea zara. Ordea, gustuko duzu futbolak egun hartu duen izaera?
Nik badakit badirela, beheko mailetan batez ere, bizimodua nekez ateratzen duten jokalariak, eta ez naiz horiekin sartuko. Badira, baina, beste batzuk, dirutza izugarriak berenganatzen dituztenak, eta hau, aldiz, penagarria iruditzen zait. Gehiegikeria bat. Injustizia handi bat. Idoloek, gainera, etsenplu txarra ematen dute. Telebistan, behintzat, noiznahi entzuten ditugu haien iruzur fiskalei lotutako albisteak, ez sos batzuetakoak, milioika eurotakoak baizik.
Beste alor batzuetan ematen duten eredua ere, Neymarrek eta Cristiano Ronaldok, ohikoan harrokeriari lotua egoten dena, ezin eskasagoa da. Hara, nik, futbolaren mundu honetan, aginte apurren bat banu, muga gorri bat jartzen saiatuko nintzateke irabazi eskerga horiei. 60.000 eurokoa, adibidez. Fitxaketarik garestienak ez dezala, alegia, muga hori apurtu, ez gainditu!
Demokrazia gora eta demokrazia behera gabiltzan mundu hipokrita honetan, noiz hasiko gara poltsikoen eta kontu-korronteen demokraziaz mintzatzen? Botereak ongitxo baitaki masen apetak, grinak, afizioak eta ahaltasun-ezintasunak bideratzen. Desbideratzen, jakina!
Realaren bigarren taldeko jokalaria izan zinen, eta pentsa daiteke realzalea zarela. Bazkidea zara?
Urte batzuetan izan nintzen. Gaur egun, ordea, ez. Aitortu behar dut, hala ere, Realean egin nituen urteak ezin hobeak izan zirela. Zer giro aparta genuen! Eta ez uste arinkeriak bakarrik genituela mintzagai. Hori ere bai, jakina, barreak eta irri-karkarak ere edonoiz izaten baikenituen bisitari, baina politikaz ere hitz egiten genuen, sexuaz, ekologiaz eta beste.
Gaur egun realzalea zara?
Ni beti izan naiz. Baina, zuri-gorrien eta txuri-urdinen artean, inoiz, istiluren bat sortuko balitz, bakegilearen lekuan jarriko nintzateke. Izan ere, euskalduna naiz, oroz gain.
Xabier Mendiguren Elizegi Elkar argitaletxeko editorea zure aingeru guardakoa dela aitortu duzu. ‘Babilonia’ aurkeztu zenuenetik zer nolako laguntza eskaini dizu?
Anekdota bat kontatuko dizut. Xabierrekin lotu ninduen liburua Babilonia izan zen. Artean, neure idazlan guztiak Erein argitaletxearekin plazaratu nituen, baina, okasio hartan, zerbait berria probatzeagatik-edo, Elkar-era jo nuen. Hala, bada, joan nintzaion Xabierri nobelarekin.
Esan dezadan, hala ere, aurretik, Babilonia-ren irakurketa propioan, lau puntu eztabaidagarri ikusi nizkiola nobelari, lau buruhauste problematiko: bat, bi, hiru eta lau. Handik aste pare batera-edo, ordea, Xabierren deia: nobela irakurria zuela jada. Gero, adostu genuen hitzordua, bildu ginen elkarrengana, esan zidan nobelak lau puntu problematiko zituela. Ai, nire sorpresa, haiek esaten hasi eta ohartu nintzenean Xabierrek eta biok genituen kezkek bat egiten zutela: bat, bi, hiru eta lau! Xabierrek, baina, aurkitua zion ordurako problema bakoitzari irtenbidea! Xabierrek, izan ere, despistatu itxura du, baina neuretzat nahi nuke nik orain haren gimnasia mentala.
Denborarekin, berriz, nire harremanak, bai argitaletxearekin eta bai Xabierrekin estutuz joan ziren. Harik eta, halako batean, umetan izan nuen ametsa bete ahal izan nuen arte: idazlea izan nahi nuen, bai, eta idazle gisa neureganatuko nuen neure eguneroko ogia, aurrerantzean.
Hain zuzen ere, 30 urte bete ditu ‘Babilonia’-k, zure nobela arrakastatsuenak.
Sekulako garrantzia izan du nire bizitzan. Nire ustez, nobela duina da, eta hori izan zen nire lehenengo satisfazioa. Nobelak, gainera, sekulako arrakasta izan zuen. 47.000 ale baino gehiago saldu dira eta Euskadi Saria jaso nuen. Horrek ere bere onurak ekarri zizkidan, inportanteena Elkar argitaletxeko jendearekin tratu bat egitera iritsi nintzela: nik haientzat idatziko nuen, bai, baina soldata on baten truke.
Nolakoa izan da urte hauetan guztietan Mendigurenekin liburuen lanketa berarekin egitea?
Primerako esperientzia izan da. Xabierrek sekulako dohainak ditu. Begirada zorrotza du, elefante baten memoria du. Lan egiteko ahalmena ere izugarria du, ordutan eta ordutan egon baitaiteke testu baten aurrean, bere baitan bilduta, begiak testuari ihes egin gabe, eta abar.
Bestalde, argitaletxearen aldetik, askatasun osoa nuen zernahi egiteko, baina jakin banekien zein zen euskal literaturaren panorama. Eta irizpide hura nire proiektuaren ezaugarri nagusitzat hartzen nuela, aurrera ekin nion gogotsu: esan nahi baita nik, alde batetik, neure apustuak egingo nituela, buruan, ordurako, biraka eta biraka zebilzkidanak, obsesiboki. Nire asmo haien fruitu lirateke Lur bat haratago eta Orbetarrak trilogia. Bestetik, apustu xumeagoak nituen, euskal literaturaren esparruan beren tokitxoa izan zezaketenak.
Nik idazten nituen liburuak, gainerakoan, Xabierrek zintzo arraio zuzentzen zizkidan. Gurea, izan ere, lan serioa zen. Oroitzen dudanez,
Ur arreak, ur garbiak bizpahiru aldiz berridatzi behar izan nuen! Halako moldez, non buruan iltzatuta baikenuen, oroz gain, gure kontakizun bakoitzak kalitate gutxieneko bat behar zuela, idazlan bakoitzean mailak eta sailak erreferentzia gisa hartuta, noski. Buruan nuena eta genuena eskuratu ote nuen eta genuen ala ez, denborak esango du hori.
Urteurrenak aipatuta, 50 urte bete ditu zure kide Ramon Saizarbitoria donostiarraren ‘Egunero hasten delako’ lehen eleberriak. Zein iritzi duzu liburuaz?
Berriro irakurri beharko nuke nobela, fundamentuzko erantzun bat emateko. Senak, ordea, zera esaten dit, nobela berriro irakurriko banu, ez lukeela garai batean zuen gaurkotasunik galduko. Saizarbitoria eta Txillardegi euskal narrazio modernoaren aitzindaritzat hartu genituen, eta hala segituko dute.
Hona helduta, baina, eta Ramon Saizarbitoriaz gehiago hitz egiteko atea zabaldu didazunez gero, halaxe egingo dut. Ez Ramon, Euskal Herrian dugun idazle-sortatik, atseginena dudalako. Nik, izan ere, nahiago ditut pertsonaia bitalistagoak, ukitu erromantiko bat ere badutenak. Akab kapitaina har dezaket eredutzat, Moby Dick eleberrikoa. Dena dela, aitortu behar dut Ramonen nobeletako orrietan sartzen naizenean, ikusten ditudanean, alegia, pertsonaien harat-honatak, haien iruzkinak, planu-aldaketak, ikusten dudanean nola mugitzen dituen egileak orratzak eta jostorratzak eta hariak, komunikazio edo inkomunikazio sareak osatzeko bidean, eta nola menderatzen dituen idazkeraren gorabehera eta sekretu guztiak… Ikusten dudanean, halaber, Ramonen abilezia, bere pertsonaia galeria, argia bezain grisa, eraikitzeko, ñabarduraz ñabardura, ikusten dudanean, finean, nekez idatz daitekeela Ramonen nobela horietako bat. Bere fruitu harrigarriak adarretatik zintzilik erakusten dituena, neure ondorioak ateratzen ditut. Euskal idazleon artean, ene ustez, bera da ikuspegi literario batetik begiratuta, onena. Niretzat bi gauza baitira, gustua eta teknika literarioak.
Deskubrimendu horrek hain urrutira eraman ninduen, non, epaimahai kargurako izendatzen nindutenean, dudak eta dudak pilatzen baitzitzaizkidan hasieratik. Are gehiago, zalantzen artean, galdu ere galtzen bainintzen sarri, harik eta, hondarrean, uko egin behar izan bainion kargu horretarako deitzen ninduten bakoitzean. Izan ere, hain da zaila aparteko maila duten nobelen artean onena zein den jakitea.
Eleberria argitaratu ondoren, poesia bilduma berririk argitaratzeko asmoa duzu?
Nahi nuke, baina nire burua ez da garai batekoa. Hala ere, burua galtzen ari naizen arren, gero eta buruhandiagoa sentitzen naiz, egia esan: bizitzaren misterioak!
Altzatik nola ikusten da Donostia?
Altzan badago talaia bat, Donostiako bistarik ederrena duena. Kanposantua da. Comalan segitzen ote dugu?
Hitz egin dezatela donostiarrek Donostiaz, eta ni Altzaz mintzatuko natzaizu. Esan nahi dizudana da badirela, Altzan bertan ere, inurri-lana egiten duten altzatarrak, nik biziki miresten ditudanak. Batzuek Altzako istorioak jorratzen dituzte, beste batzuek euskararen mintzapraktiketako taldeetan sartzen dira. Hauek bertsopaper lehiaketa bat antolatzen dute. Estibausekoak ere hor daude, noski.
Berriro esango dut, nik biziki estimatzen dut altzatar horien lan isila. Are gehiago, Donostian antolatzen diren ekitaldi itxurati bezain arranditsuak baino gehiago estimatzen ditut: Zinemaldia baino gehiago, adibidez. Hori esan ahala, atzera egin behar begi-bistako baita zer onurak dakarzkion Zinemaldiak euskal zinemari!