Limoizko tartaleta gurineztatua merengearekin
OSAGAIAK
Tartaleta gurineztatua
-Gurina.
-Azukrea.
-Gatza.
-Arrautzak.
-Irina.
Limoizko krema
-Azukrea.
-Arrautzak.
-Gelatina hostoak.
-Gurina.
-Limoi zukua.
Merengea
-Azukrea.
– Ura.
-Arrautzaren zuringoa.
PRESTAKETA
Lehenik, sable tartaleta egiteko orea prestatzen dugu, eta hozkailuan uzten dugu hozten. Hotza dagoenean, luzatu egiten dugu eta moldearekin moztu. Labera sartzen dugu 190 gradutan, ondo egosten den arte; moldetik atera eta hozten uzten dugu.
Ondoren, limoizko krema prestatzen dugu. Irabiagailu elektrikoarekin nahasten dugu, ondo emultsionatzeko, eta maionesaren testurarekin gelditzeko. Krema horrekin tartaleta betetzen dugu, eta berriro sartzen dugu hozkailuan, ondo gatzatu dadin.
Azkenik, merenge italiarra prestatzen dugu, arrautzaren zuringoarekin, eta ura eta azukrearekin egindako jarabe batekin. Merengearekin tartaleta edertzen dugu, eta soplete batekin txigortzen dugu pixka bat.
David Martin, Oiartzun gozotegiko gozogilea
“Ez dugu izoztutako produkturik egiten, eguneko produktuak eskaintzen ditugu beti”
Jaio zenetik pastelen artean hazi dela esaten du David Martin (Donostia, 1979) gozogileak. Bere aitak 1972an ireki zuen Oiartzun gozotegia, Andaluziako nekazaritza mundutik ihes egin eta Moron de la Fronteratik Donostiara etorri zenean. Ijentea kalean duten saltokirako gozoak prestatzen ibiltzen da Martin, goizero, Egiako euren gozogintza lantegian.
Nolakoa da zure egunerokoa?
Produktuak egunero egiten ditugunez, lanaldia oso goiz hasten da. Guk ez dugu izoztutako produktuekin lan egiten, eguneko produktuak eskaintzen ditugu beti. Lehen langileak goizaldeko hiruretan etortzen dira lanera, lehen orduan eskaintzen ditugun produktuak dendara garaiz iritsi ahal izateko. Goizean lanean jarraitzen dugu, gehienbat hurrengo egunerako behar diren osagaiekin. Gozogintzan denbora asko behar da, osagai asko jalkitzen utzi behar direlako.
Enkargu asko izaten ditugu, eta horiek egitea da beste lanetako bat. Jende asko ohituta dago momentuan bertan produktuak erostera, baina guk denbora pixka bat gehiago behar izaten dugu enkarguak egiteko, dena egunekoa, freskoa eta pertsonalizatua egiten dugulako.
Zein da gozogile onaren sekretua?
Lehengai onak izatea eta hauek ongi lantzen jakitea. Eskarmentu handia behar da horretarako, jakina.
Zein da bezeroek gehien eskatzen duten produktua?
Bezero motaren arabera aldatu egiten da eskaria, eta oso eskaintza zabala dugunez, bezeroei asko kostatzen zaie produktu bakar bat aukeratzea. Hala ere, zalantzarik gabe, estimatuenen artean daude gure euskal pastela eta limoizko tartaleta merengearekin. Opilen artean croissanta nabarmenduko nuke.
Donostiako zein leku gomendatuko zenituzke?
Groseko Galerna jatetxea, eta, gozozaleentzat, Euskadi plazan dagoen Le Paries gozotegi frantsesa.